Zure margolanak kalera atera dituzu. Zergatik orain?
Konfinamenduaren fruitua da. Geure barnera bilduta pasatu dugun denbora horretakoa. Nik ezin dut denbora galdu. Niretzat denbora urrea da eta pasatu ditut konfinamenduaren hiru hilabeteak margotzen. Egun guztietan pintatu dut, hutsik egin gabe, egunean hamar orduz… Hamarnaka koadro egin ditut eta horregatik erabaki dut erakusketa hau antolatzea eta irailean beste bat, artelan handiagoekin, erakusketa gelan. Bizi dugun momentuarengatik… zalantza, katastrofismo eta krisi garaia delako… Artea da borrokarako nire arma. Bakoitzak erabiltzen ditu bere armak eta nik beti borroka egin dut artearen bitartez, txiki-txikitatik.
Galdetuko banizu zergatik pintatzen duzun?
Nik ia egunero pintatzen dut. Nik arnas hartzen dut… Margolan hauek arnasaldiak dira… Salgai jartzen ditut baina niretzat bakoitza altxor bat da eta horrek bere balioa du.
Beti pintatu duzu horrenbeste, ala orain gehiago?
Orain gehiago, nire espazio bitala dudanetik. Galdetuko bazenit zenbat margolan ditudan, ez nizuke jakingo erantzuten. Nire ibilbidean zehar, historiako pintore nagusien bizitzak eta obrak ulertu eta berrinterpretatzeko ahalegina egin dut: Tapies, Picasso, Estevan Vicente, Palazuelo… Fetitxeak, inkonprendituak, bere buruaz beste egin zuten margolariak ere bai: Rothko…
Hiru hilabeteotan zer pintatu duzu?
Inspirazioren bat bilatu behar izan dut eta oraingoan Picasso izan da, baina niretzat XX. mendeko abangoardia guztiak dira inspirazio iturri: inpresionistak, Picasso kubismoaren bidegile moduan, Candinskyren espresionismoarena, Malebichen eskola errusiarra...
Eta horrek zu erakarri egiten zaitu…
Ni erakartzen nau iraultzak. Ni iraultzailea naiz, sosegatuagoa eta lasaiagoa emozionalki duela hogeita hamar urte nire enpresa sortu nuenetik, baina iraultzailea. Ni naiz 70-80. Hamarkadako superviviente bat...
Zergatik Picasso?
Picasso genio bat zen eta jakin zuen pausu bat aurrera ematen. Denak balio zion. Zaborrik zaborrenak ere bai. Nik zaborrarekin lan egiten dut. Nire euskarria zaborra da. Asko margotzen dut kartoian, inprenta eta enmarkatzaileek botatzen dituzten materialetan. Eskulturak ere txatartegietako, zerrategietako ondarrekin egiten ditut. Nire leloa ondorengoa da: denak balio du eta zerbaitek ez badu balio, erabili artea egiteko.
Zure ustez arteak zein ekarpen egiten dio gizarteari?
Egiteko modu berriak, bisio berriak… Behin Portaleako erakusketa batera etorri zen emakume bat eta gelditu zen sarrerako atean, erdibidean, ez kanpoan eta ez barruan, eta esan nion: “Emakumea, sartu zaitez! Sarrera debalde da ta… Sartu eta gozatu zazu!”. “Eske niri ez zait artea gustatzen!”, esan zidan berak eta esan nion: “Baina Andrea, ez ezazu horrelakorik esan hemen, oraindik deskubritzeko zauden zerbaiten atarian egon zaitezke eta. Emaiozu aukera bat zure buruari!”. Artea hain da zabala... Esatea artea ez zaizula gustatzen da esatea bezala… Ez dakit... Ez zaizula gustatzen lo egitea. Ireki zazu burua pixkat.
Zuk arte galeria bat zabaldu zenuen herrian…
Bai eta ibilbide luzea egin duten artistak ekarri nituen. Galeria denak ixten ari diren garaiotan Plazentzia moduko herri txiki batean arte galeria bat zabaltzea erokeri bat da.
Ikusten dut oraindik sinesten duzula arteak mundua alda lezakeela, ze ondare industrialaren gaineko argazki-erakusketa bat antolatu duzu helburu horrekintxe.
Bai, bai. Nik utopia bizi dut, utopia egingarria.
Aspaldian burutik kendu ezin dudan gaia da SAPArena. Arte galeria ere helburu horrekintxe zabaldu nuen, arduradun politikoak eta herritarrak pabiloi horien balioaz eta garrantziaz ohartarazteko. Urte hauetan etengabe jardun izan diet politikariei… eta eraikin bat Udalari esleitu badiote, zeozer egingo zuten, baina askoz gehiago egin daiteke. Eraikin horiek egon behar lukete hondare historiko industrial moduan katalogatuta eta hori egin behar lukete instituzioek.
Eraikin horiei beste erabilera bat eman beharko litzaieke, esentzia mantenduz. Horixe da gaur egun herrialde aurreratu guztiek egiten dutena eta baita gure inguruko herriek ere. Eraikin horiek Plazentziaren mendetako historiaren azkenengo arrastoa dira eta gainerako guztia desagertu egin da: konbentua, Erregetxea, labaderoak, errotak, ferreriak, etxepe guztietan zeuden tailerrak… Estatu guztiko arma museoetan daude Plazentziatik eroandako armak eta tresnak... Dena espoliatu dute. Eta hemen ez dago plaka bat ere. Ez dezagun laga hori desagertzen, mesedez.