Omenaldia egingo diete gerrako umeei, Kursaalen

Ubane Madera Zangitu 2023ko mar. 15a, 11:30

Zapatuan, martxoaren 18an, gerrako umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Kursaalen. Bizirik dauden gerrako umeak gonbidatu dituzte bertaratzera, 140 inguru. Tartean, soraluzetarrak ere izango dira ekitaldian. Intxorta 1937 Kultur Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundia bi urtean ibili dira ume gipuzkoarren memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa egiten. 10.232 kasu identifikatu dituzte. Datozen asteotan argitaratuko dute datu-base hori eta ume gehiago identifikatzeko bidea zabalik lagako dute.

Gerra Zibilean zuzenean parte hartu ez bazuten ere, umeek larriki pairatu zituzten Espainiako gerraren ondorioak. Horietako ondorioetako bat izan zen, Gerra Zibiletik ihesi, erbestera joan beharra. 

Intxorta 1937 Kultura Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erbesteratu behar izan zuten umeen memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa amaitu dute, bi urteko lanaren ondoren. 

Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dira adingabe horien jatorri gisa,

Erbesteratutako ume gehienak Frantziara joan ziren (4.840), ondoren Kataluniara (4.155), Belgikara (580), Sobietar Batasunera (465) eta Erresuma Batura (312). Batzuek Europatik kanpo aurkitu zuten babesa, eta beste batzuk baita Estatu barruan ere: Valentzia eta Madril (26) eta Amerikan: Mexiko, Venezuela, Argentina, Txile edo Uruguai (64). Gainera, beste 459 haur ere identifikatu dira, baina ez da haien bizilekuei buruzko informaziorik aurkitu.

Gaineratu dutenez, azterketa amaitu bada ere, izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu-basean sartuko dituzte. Datu base hau datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean.

Omenaldia Kursaalen

Ikerketari amaiera emateko omenaldia egingo diete bizirik dauden gerrako umeei, zapatuan, martxoaren 18an., Donostiako Kursaalen, 11:00etan. Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Julia Mongeren arabera, kontabilizatu dituzte 140 direla gaur egun bizirik dauden gerrako umeak, baina baten batek gonbidapena jasoko ez balu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko eskatu zuen. Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko 943 11 39 65 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute. Gonbidapena jaso eta omenaldira bertaratuko direnen artean soraluzetarrak ere badaude.

Bestalde, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendari Ion Gambrak azpimarratu zuen gerrako ume horiek duten garrantzia memoria historikoa eraikitzeko orduan. "Gerrako umeak pieza garrantzitsuak dira gure herriaren memoria eraikitzerakoan, eurak dira-eta gerra lehen pertsonan ezagutu eta zuzeneko testigantzak emateko aukera duten azken protagonistak".

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak lan handia egin du gerrako umeekin eta Debagoienean hasitako ikerketa Gipuzkoa osora ireki izana eskertu diote Diputazioari.

Esandako moduan, 36ko Gerrako umeen memoria berreskuratzeko duela bi urte sinatutako lankidetza-hitzarmena sinatu zuten bi aldeek. Helburua gerran jaiotako haurrak identifikatzea izan da: jaioterriarekin, izen-abizenekin eta, posible izan den kasuetan, euren argazki eta azalpen labur batekin.

Erlazionatuak

Gerrako umeei aitortza

Ubane Madera Zangitu 2021 mai 01 Soraluze