Gaur, maiatzaren 12an eta maiatzaren 19an izango da aurrez aurreko bulegoa zabalik Tolarekua aretoan. Helburua da Soraluzeko gerrako umeen gaineko ahalik eta informazio gehien batzea, edozein motatako informazioa. Hori horrela, ekimenaren bultzatzaileek soraluzetarrak animatu nahi dituzte bulegora joan daitezen, edozein informazio mota dutela ere, berau ematera, zein euren senideen gaineko informazioa eskuratzera.
Biztanleen %3,33
Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Juan Ramon Garai arrasatearrak jakinarazi duenez, iaz Soraluzeko gerrako 54 ume zituzten identifikatuta; martxoan, berriz, 70 eta orain 84 ume dituzte identifikatuta. “Artxiboetan (Euskadin, Salamancan, Madrilen, Frantzian…) zein hemen bertan, Soraluzen, aurkitu dugu informazioa. Artxiboetan neu nabil eta hemen kalean eta ahoz ahokoa batzen, berriz, Jon Koldo Iñarra”.
Garaik azpimarratu duenez, proportzioan, Soraluzen gerrako ume asko izan ziren. “Konparaketa egitearren, Soraluzeko gerra umeak izan ziren orduko bizilagun kopuruaren %3,33; Eibarren, berriz, %3,39 eta Arrasaten, %4,7”.
Horrez aparte, hark gaineratu du “kalkuluen arabera” 400-500 bat soraluzetarrek egin zutela ihes gerrako umeekin lotuta: “Umeekin batera, haien guraso bat edo bi ere joaten ziren, gehienetan amak. Gehi, aparte ihes egin zutenak kontuan hartuta, uste dugu 400-500 bat soraluzetar ihesi joan zirela”.
Arin eta Etxabe
Belgikara, Errusiara, Kataluniara, Ingalaterrara… bidali zituzten ume horiek guztiak. Horietariko asko bertan geratu ziren bizitzen. Beste asko, berriz, bueltatu egin ziren, nahiz eta sorterrira ez itzuli. Soraluzetarrei dagokienez, justu egunotan hil da Soraluzen bizi zen azken gerrako umea, Moises Zubiaurre Bustindui. Intxorta elkarteak, berriz, Soraluzeko bi gerrako ume elkarrizketatu ditu: Rosa del Bosque Arin eta Luzia Etxabe.
Intxorta 1937 Kultura Elkarteak dioenez, 1936an erbestera bidali zituzten ume horiek ”gerran zuzenean parte hartu ez bazuten ere, gatazkaren ondorio sozial, fisiko eta afektibo mingarriak jasan zituzten". Horregatik uste dute direla “memoriaren pieza garrantzitsu”. Hori dela-eta, orain dela bi urte ekin zioten erbesteratutako haur horien gaineko memoria identifikatu eta berreskuratzeko lanari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Eibarren ere bai
Maiatzean, Soraluzen ez ezik, Eibarren ere izango dira bertako gerra umeen gaineko informazioa batzen. Hemen, Tolarekuan ere ipini dituzte eibartarren gaineko orriak, izan ere, Eibartik joandako umeetako hainbat Soraluzekoak ziren.
Oro har, Intxorta elkarteak uste du Gipuzkoan, 6.000 baino gehiago izan zirela.