Zergatik erabaki duzue Gure Deba Ibaia taldea osatzea?
Kanpotik etorritako mehatxuak, gure presak "gratis total" botatzearenak, mugiarazi gaitu. Uste dugu momentu egokia dela aurretik zer nolako ibaia nahi dugun hausnartzeko, eta gauzatzeko gero. Soraluzek, hainbat eta hainbat arlotan beste herrien atzetik badago ere, ibai eder hau du abantaila bakarrenetakoa, eta ezin dugu alferrik galdu.
Zein da taldearen iritzia Merlin proiektuaren eta proiektuak Soraluzerako proposatzen duenaren inguruan?
Zeharo kontra gaude, hiru arrazoiengatik. Alde batetik, uste dugu proiektu taldeak ez duela Merlin proiektuan sinisten. Bestela, Europan “saldu” dituzten onura ekonomikoak (basogintza, nekazaritza, "bio" edota ingurumen enpresa berriak sortu, turismoa, zentral elektrikoak, administrazioa eraginkorra) Soraluzen ere azalduko lituzke. Baina behin milioi bat eurotako finantziazioa lortuta, hona etortzerakoan ez dira ausartu honetaz ezer kontatzen.
Bestetik, Soraluzerako "onura" ez ekonomikoak' bakarrik kontatu dizkigute, baina fundamentuzko lanik egin gabe: lau ideia orokor bota, baina gure herriari aplikatzerakoan… kale! Besteak beste, hori gertatu zaio hasierako onura "izarrari”, arrainena: gaur egun beraien web orritik desagertuta dago!
Eta atzera egin eta bestelako “onura berriak” asmatu behar izan dituzte... baina lehengo lepotik burua: herriko egoerara ekartzerakoan… kale berriro!
Azkenik, aurretik presak bota eta ondoren zer gertatu den begiratzea ez da inola ere bidezkoa. Zientziaren munduan gauzak modu serioagoan egiten dira: aurretik egoera sakon aztertu alde guztietatik ("artelanaren egoera" edo "state of the art"), gero balizko emaitzak aurreikusi (hau da, presak botata zelan geratuko litzatekeen ibaia eta herria) eta, azkenik, kalte, onura eta kosteak (ekonomikoak zein ez ekonomikoak) aztertu. Bide hau da jatorrizko Merlinek, Europakoak, eskatzen duena… eta Soraluzen erakutsi ez dutena.
Merlin proiektuko talde honi ez diogu ikusten fede onik ez eta fundamenturik ere. Ezin dugu gure herriaren etorkizuna halako eskuetan laga.
Zuen ustez zergatik da egokiena presak bere horretan mantentzea?
Aurretik esan dugunarengatik, ezin dugu inolako erabakirik hartu Merlin taldeak egin duen "azterketa" arinarekin, suizida litzateke.
Sinesten dugu, hori bai, gure herria eta gure ibaiaren etorkizunak lan serioa merezi dutela, eta ondorengo hurrenkeran: lehenik herriaren etorkizuna diseinatu, gero zer nolako ibaia nahi/behar dugun zehaztu eta, azkenik, herri estrategiaren arabera presei buruzko erabakiak hartu.
Mendigaineko errotak "doan" jarri nahi dizkigute, eta presak ere "doan" bota nahi dizkigute. Baina doan izateak ez du esan nahi ona denik.
Adostasun bat bilatze aldera begi onez ikusiko zenukete Soraluzen erdibideko irtenbide bat? Esaterako, lautik hiru presa botatzea eta Malmeronekoa lagatzea?
Berriro ere azpimarratu nahi dugu orain arte ez dutela ganorazko azterketarik egin. Alegia, zer irabazten dugun eta zer galtzen dugun presak botata. Merlin proiektua hasi eta urtebetera ez dago datu nahikorik presak botatzearen alde (eta dauden datuak oso eztabaidagarriak dira), baina datu asko daude botatzearen kontra.
Egoera honetan presa bakarra botatzeak ere ez dauka inolako zentzurik. Soraluzerentzat erabaki okerra litzateke.