Presen auzia

Aditu europarrak Deba ibaiari begira

Egoitz Unamuno 2022ko eka. 15a, 10:26

Aditu europarrak Malmeroneko presaren aldamenean.

Atzo eguerdian, Europako hainbat herrialdetatik etorritako adituak ibili ziren herrian, ibaiaren ibilbidean dauden presa, zubi eta bestelako elementuei begira. Adituok hiru eguneko egonaldia egiten dihardute Deba ibaia ezagutu eta Merlin egitasmoaren baitan planteatzen diren aktuazioak aztertzeko.  

Norbegiatik, Alemaniatik, Ingalaterratik, Belgikatik, Portugaldik… etorritako hogeiren bat aditu dira egunotan Deba ibaia ezagutzen dihardutenak. Tartean dira biologoak, ikertzaileak, unibertsitateko irakasleak eta herrialde horietako ur agentzietako teknikariak ere bai, izan ere, alderdi biologikoaz gain, inplementazioaren arloa ere landu nahi dute. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta, Donostian hartu dute ostatu hiru egunetarako eta hiru egunotan Deba ibaia bertatik bertara ezagutu eta Merlin proiektuak bertan planteatzen dituen aktuazioak elkarrekin eztabaidatzea dute helburu: "zein diren aukerak eta zein diren arriskuak, alderdi biologikotik, sozialetik, teknikotik".  

Atzo, martitzena, irteera eguna izan zuten eta Deba bailarako hainbat herri bisitatu zituzten. Goizean Arrasate, eguerdian Soraluze eta arratsaldean Mendaro. Soraluzen Malmeroneko eta Igarateko presak ikusi zituzten eta ondoren, Txoko kafetegian bazkaldu zuten elkarrekin.  

Informazio batzarra uda ostean

Soraluzeko zatian planteatu dauden aktuazioei dagokienez, EHUko ordezkari eta Merlin proiektuaren koordinatzaile den Miriam Collsek jakinarazi zuen uda ostean, irailean edo urrian, Soraluzeko herritarrei proiektuaren gainean informazio emateko ekimen bat prestatuko dutela, “batzar edo tailer bat, orain arte egin direnak baino handiagoa”. Bertan, Aldundiko eta unibertsitateko ordezkariez gain, Urak agentziak ere parte hartuko luke, herritarrei eta Udalari presak kendu edo beheratzeak eragingo lituzkeen aldaketen “informazio zehatza” emateko. Ondoren, "Udalak izango du azken berba" eta horren arabera bideratuko da proiektua.