Presen auzia

Merlin proiektuak proposatu du erabiltzen ez diren presak kentzea Deba ibaian

Egoitz Unamuno 2022ko mai. 27a, 10:09

Joan zen martitzenean, ‘Deba ibaia hobetzeko tailerra’ egin zuten Tolarekua aretoan eta EAEn Merlin (Mainstreaming Ecological Restoration Landscape Innovation) proiektu europarraren bultzatzaile diren EHUko ingurumen departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoaren berri eman eta iritzia galdetu zieten Tolarekua aretora hurreratu ziren dozenatik gora herritarrei. Bertan izan ziren, besteak beste, Arturo Elosegi EHUko ingurumen katedraduna eta Felipe Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Obra Hidraulikoen Zuzendaria. 

Elosegik eta Alvarezek azaldu zutenez, Merlin proiektuak Europa osoko 17 ibaitan eragin nahi du, ibai horiek biziberritzeko helburuz. Ibai horietako bat da Deba ibaia, eta proiektuak aurreikusten du bertan 10 presa kentzea, “dagoeneko erabiltzen ez diren hamar presa”. Soraluzeri dagokionez, 4 presa dira kenduko liratekeenak: Zuloagako eta Oleagakoa erabat eta Malmeronekoa (herriaren erdialdekoa) eta Igaratekoa (SAPA parekoa) partzialki.

Tailerrean azaldu zutenez, arrainen joan etorria erraztea da presak kentzeko arrazoi nagusienetakoa, izan ere, presak ibaiko oztopo gaindiezinak dira arrainentzat eta beste espezie askorentzat eta ibaian gora edo behera mugitzea eragozten diete. Horrekin batera, beste hainbat arrazoi ere aipatu zituzten, esaterako: sedimentu kutxakorren eta espezie inbaditzaileen gune diren ur geldoak ezabatzea, uraren autodepurazioa erraztea eta uholdeen arriskua gutxitzea. 

Aldeko eta kontrako iritziak

Tailerrean bildu ziren herritarrek askotariko iritziak agertu zituzten presak kentzeko asmoarekiko, aldekoak nahiz kontrakoak. Orohar, proiektuari buruzko informazio gehiago eta ibaiaren egoera hobetzeko neurri osagarriak eskatu zituzten: ur zikinen isuriak bideratzea, plastikoen arazoa konpontzeko neurriak. 

Proiektuaren bultzatzaileek adierazi zutenez, azken hitza Soraluzeko Udalak izango du eta erabaki hori datozen hilabeteetan hartu beharko du. Bestalde, ekainaren 14an, Europako hainbat herrialdetako ordezkariak etorriko dira Deba ibairako planteatu duten proiektua ezagutzera eta geldialdi berezia egingo dute Soraluzen.