Bigarren astea du Oroimenaren Bulegoak udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Martxoko eguaztenetan izango da bertan, Soraluzen errepresioa jasan duten herritarren testigantzak batzen. “Soraluzen jaio direnen, hemen bizi direnen edo bizi izan zirenen zein errepresioa Soraluzen jasan izan zutenen eskubide urraketen berri jasotzea da helburua, dokumentazioa zein testigantzak, biak”, kontatu du Ione Zuloaga Muxika historialariak.
Zuloagak kontatu duenez, poliki-poliki herritarrak hasi dira bertaratzen. “Lehenengo egunetan gutxi etortzen dira eta gero joaten dira ugaritzen. Gu hementxe izango gara martxoko eguazten guztietan eta etortzen dena ongi etorria izango da. Gainera, ez dago zertan aldez aurretik txanda hartu behar”.
Hala ere, norbaitek informazio gehiago nahiko balu: 943 46 61 42 edo memoria@aranzadi.eus.