Herriko memoria historikoari buruzko ikerketa abiaraziko dute, Aranzadiren eskutik

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 21a, 15:57

Udal ordezkariak eta Baketik Fundazioko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariak gaur eguerdiko aurkezpenean.

Soraluzen, herriko memoria historikoari buruzko ikerketa abiaraziko dute martxoan, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Helburua da 1936tik gaur egunera arte soraluzetarrek jasandako errepresio gertakariak batzea, izen-abizenekin, gertatutakoaren ahalik eta erradiografiarik osoena izateko. Ikerketa bi urtez luzatuko da eta amaieran, webgune baten bistaratuko dira jasotako testigantza eta informazioak, edozeinen eskura izan daitezen. Informazio bilketa martxoan hasiko dute hilabete osoan udaletxean ezarriko duten Oroimenaren Bulegoan; bertan, herritarrek aurrez aurre egin ahalko dituzte kontsultak eta errepresioari buruzko testigantzak eman. 

Gaur, astelehena, aurkeztu dituzte herriko memoria historikoari buruzko ikerketaren nondik norakoak, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Soraluzeko Bakea eta Bizikidetza Mahaiak erabaki du ikerketa egitea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak arduratuko dira lana egiteaz. 

Aurkezpen ekitaldian izan dira Bakea eta Bizikidetza Mahaia osatzen duten hiru alderdietako ordezkariak -Unai Larreategi (EH Bildu), Iker Aldazabal eta Abel Olaizola (EAJ) eta Patricia Borinaga (PSE-EE)-, Baketik Fundazioko Maialen Lizarralde eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Buces.

Esplikatu dutenez, martxoan abiaraziko da ikerketa. 1936tik gaur egunera arte izandako errepresio kasuak batu nahi dituzte, bi esparrutan: 1936tik 1959ra bitartekoak Oroimen Historikoaren baitan batuko dituzte eta 1960tik gaur egunera bitartekoak, berriz, Gertuko Oroimenaren baitan batuko dituzte. 

Oroimenaren Bulegoa udaletxean

Ikerketak bi urte iraungo ditu eta ikerlariek euren kabuz batu eta kontrastatuko duten informazioaz aparte, Soraluzen, Oroimenaren Bulegoa zabalduko dute. Haren bitartez herritarren testigantzak batu nahi dituzte, gero, horiek ere amaierako lanean txertatzeko. 

Oroimenaren Bulegoan Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak izango dira, martxoko bost eguaztenetan, 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Udaletxean izango dira herritarrak artatzen, osoko bilkuren aretoan. 

Javi Buces Aranzadiko historialariak esplikatu duenez, herritarren testigantza horiek izan daitezke zuzenekoak, hau da, errepresioa pairatu duen pertsonak berak zuzenean kontatutakoa edo errepresioa jasan dutenen senideek kontatutakoak. Halaber, errepresioa jasan duten hirugarren pertsonen berri ematera ere joan daiteke Oroimenaren Bulegora eta adituak arduratuko dira haren gaineko informazioa batzeaz. Edo gaiari buruz dakiten pertsona klabeen berri ematera ere joan daiteke.

Gainera, testigantzak ematera ez ezik, Oroimenaren Bulegora joan daiteke, baita ere, senideren baten edo gertukoen informazio eske. Gero, Aranzadiko adituak arduratuko dira eskatutako informazioa artxiboetan bilatzen edo dagokion lekuan eskatzen.

Gertatutako guztia ez dago artxiboetan

Batu nahi dituzten herritarren testigantzen garrantzia azpimarratu du Aranzadiko Buces historialariak, esanez, gertatutakoaren zati bat ez dagoela artxiboetan jasota.

Adibidez, Oroimen Historikoaren baitan, Espainiako gerran emakume askok pairatu zuten errepresioa, baina gerrara gizonak joaten zirenez, ba emakumeek pairatutako errepresio hori ez dago ofizialki jasota emakumeak kartzelatuak izan ez baziren behintzat. Edo sasoi hartan bizi izan zen gosearen gaineko testigantzak, bestelako zigorren gainekoak…  Gainera, sasoi hura bizi izan zuten gehienak hilda daude, beraz, kasu honetan, senideen testigantzak edo senideek eramandako probak batuko dituzte, batik bat.

Gertuko Oroimenaren baitan, berriz, adibide moduan jarri du norbaitek bere herria laga bazuen orduko presio politikoak eraginda, ba balitekeela hori inon jasota ez egotea edo tortura kasu, mehatxu kasu, estortsio kasu… guztiak jasota ez egotea. 

Anonimotasuna gorde daiteke, hala nahi bada

Horrekin batera, Bucesek azpimarratu du lekukotasun guztien kasuan errespetu handiz jokatuko dutela eta norbaitek konfidentzialtasuna gorde nahi badu, anonimotasuna ere gordeko dela. Halaber, Gertuko Oroimenaren kasuan, zuzeneko lekukotasunak ematearen garrantzia nabarmendu du Bucesek, ez dadin gertatu Oroimen Historikoan moduan: “Orain da momentua errepresio mota horren gaineko zuzeneko testigantzak eta probak jasotzeko; orain jasotzen ez dena, akaso etorkizunean ezin izango da jaso”. 

Ikerketa zientifikoa

Horrekin guztiarekin batera, Bucesek ikerketa osoaren garrantzia ere azpimarratu du, nabarmenduz, ikerketa zientifikoa izango dela, beraz, ideologia guztien gainetik egingo dela, inpartzialtasunez. Eta adierazi du soraluzetarrek oso modu positiboan baloratu beharko luketela ekimena, udal ordezkaritza duten alderdi guztien adostasunarekin egingo baita. “Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, baina hori egiteko egia osoa jakin behar da, gertatutakoaren benetako erradiografia egin”, esan du. 

Osoko bilkuren aretoan izan diren ordezkari politikoek ere azpimarratu dute gaiaren garrantzia. 

Informazioa gehitzeko aukera

Behin ikerketa lana bukatuta, web orri baten argitaratuko dute guztia. Baina hor ez da bukatuko ekimena. Izan ere, webguneak berak aukera emango du bilketa beti martxan egon dadin. Bestela esanda, norberak nahi duenean kontsultatu ahal izango du bertako informazioa eta norberak nahi duenean gehitu ahal izango du informazio berria. Adibidez, ekimen bera gauzatu izan den bestelako udalerrietan, urtean behin jarraipena ematen diote gaiari.

Dena den, informazio gehiago behar izanez gero edo Aranzadirekin harremanetan jarri nahi izanez gero, bi bide eman dituzte: 943 46 61 42 edo memoria@aranzadi.eus.