Bihartik, eguaztenero izango da zabalik Oroimenaren Bulegoa

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 1a, 09:26

Javi Buces Aranzadiko historialaria osoko bilkuren aretoan.

Soraluzeko memoria historikoa batzeko bi urteko ikerketa abiaraziko dute, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. 1936tik gaur egunera arte soraluzetarrek pairatutako errepresioa jaso nahi da, izen-abizenekin, gertatutakoaren erradiografia osoa izateko. Bihar, eguaztena,  zuzeneko testigantzak batzen hasiko dira. Horretarako, Oroimen Bulegoa egokituko dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Aranzadiko Javi Buces historialariak eman ditu xehetasunak:

Zein joan daiteke Oroimen Bulegora?

Errepresioa zuzenean jasan dutenak; errepresioa jasan dutenen senideak; errepresioa jasan duten hirugarren pertsonen berri eman nahi dutenak; gaiari buruz dakiten pertsona klabeen berri eman nahi dutenak edo senideren baten edo gertukoen informazio eskatu nahi dutenak. Bulegoan Aranzadiko adituak izango dira, martxoko eguaztenetan, 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. 

Zein da helburua?

Errepresaliatuak identifikatzea. Batzuetan jendeak datu asko ditu, bestetan bakarrik izen-abizenak. Batzuetan testigantzak ez dira zuzenak, hau da, errepresioa ez du pertsona horrek zuzenean pairatu, baina konta dezake garai hartako bizitza zelakoa zen, adibidez, gerran edo gerra ostean. Norbaitek dokumentazioa baldin badu, hura ekarri, eskaneatu eta ikerketan gehituko dugu. Gerra garaiko edo frankismoaren lehen urteko garaiari dagokionez, normalean, senideak etortzen dira. 

Eta Gertuko Oroimenarekin lotutakoak?

Gertuko Oroimenarekin beste errepresio mota eta giza eskubide urraketa batzuk identifikatzen ditugu: hilketak, torturak, mehatxu larriak, estortsio ekonomikoa… normalean etortzen direnek euren testigantza ematen dute, baina beti ez. Adibidez, errepresioa Burgosko prozesuan gertatu bazen, baliteke pertsona hura dagoeneko ez egotea. 

Soraluzen 1936ko lantaldeak egina du lanketa bat…

Bai, halakoetan kontrastatu egiten dugu, egileekin egon, informazioa eskatu…

Beste nonbait ere egin duzue halakorik?

20 bat herritan ari gara lan bera egiten: Donostia, Tolosa, Hernani, Orio, Galdakao…  

Zelako erantzuna lortu duzue?

Oso ona. Lana metodologia zientifikoarekin egiten dugu eta oso inportantea da alderdi politikoen adostasuna izatea, Soraluzen bezala. Gertuko Oroimenarekin, biktima batzuei asko kostatzen zaie guregana etortzea. Baina orain da errepresio mota horiek jasotzeko momentua, bestela hilketak bakarrik geratzen dira eta hortik ez gara aterako. Batzuek testigantza eman nahi dute, baina ez dute publiko egin nahi. Hori ere errespetatu egiten da. Eta publiko egiten da pertsonak nahi duenean, izan daiteke 20 urte barru, hiltzen denean… Baina inportanteena kontatzea da. Orain ez bada jasotzen, ez da existituko. Orain erraztasun guztiekin jasoko dira testigantzak.  

Zenbat lagunek diharduzue lanean?

Lantaldean zazpi pertsona gaude. Oroimen Bulegora bi etorriko dira. Beste talde bat dugu artxibotan ikertzeko (militarretan, estatukoetan, Euskal Herrikoetan…) eta beste talde bat datuak filtratzeko eta eskaerak egiteko beste hainbat artxibotan. Aditu batzuk Oroimen Historikoarekin espezializatuta daude eta beste batzuk Gertuko Oroimenean. Gehienak gara historialariak edo kriminologoak. 

Bi urte barru amaituko da lana?

Ez da bukatzen inoiz. Bi urte barru webgunea aurkeztuko dugu eta emaitzak azaldu, baina ikusiko da konpletoa den ala testigantza asko falta diren. Adibidez, Hernanin, behin bukatuta, urteroko jarraipena egiten dugu. 

Ondoren egingo da zerbait politikoki?

Politikariak beti ari dira egia, justizia eta erreparazioa batzuei aitortu, beste batzuei ez… Gure lanarekin, hortxe dute sailkapen. Berdin da biktimarioa, giza eskubideen urraketak denontzako dira eta hori dokumentatu egiten da. Politikariek erabakiko dute horrekin zer egin edo ez egin ezer.