Autonomia eskuratzeko eskolak

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 17a, 09:05

Ahalduntze prozesuandiharduten hainbat emakume joskintza ikastaroan.

Azken hilabeteotan, goizero, emakumeen ahotsek eta barreek apurtzen dute Gaztelekuko isiltasuna. Eskola-txiki bat bailitzan, gutxieneko ezagutza batzuk eskuratzeko eskolak jasotzen dituzte kiroldegi gaineko lokalean, autonomia handiagoa lortu eta dituzten oztopoak eta eragozpenak gainditzen laguntzeko.

Azarotik, Gaztelekuan, goizero eskolak ematen dituzte. Ikasleak emakumeak dira. 14 inguru. Adin guztietakoak. Langabezian daudenak. Astean hirutan, hiru orduko eskolak jasotzen dituzte eta bitan, bi ordukoak. 

Idazten eta irakurtzen ikasten ari dira. Hori badakitenek gaztelera lantzen ere badihardute -ortografia, testuen irakurketa, ulermena…-  josten erakusten diete, Lanbideren eskaintzei buruzko informazioa eman, norbere burua zaintzeko gakoak… Bestela esanda, etorkizun gertukoan, modu autonomoan funtzionatzeko kapaz izan daitezen gutxieneko erremintak eman nahi dizkiete.  

Ahalduntze Prozesua du izena proiektuak eta Soraluzen egiten den lehen aldia da. Ez, ordea, inguruan. Debabarrenean, beste hiru herritan ere badabiltza lanketa bera egiten, Elgoibarren, Mutrikun eta Deban, otsailera arte, baita Eibarren ere. 

"Emakumeen arteko sarea ere sortzen da" 

Zabaltzen-Sartu Kooperatibak dinamizatutako prozesua da, Maite Kaltzakorta langileak, Soraluzeko kasuan. "Hona datozen emakumeek oztopo handiak izaten dituzte, batik bat burokraziarekin lotutakoak, paperak lortzerakoan zailtasunak, langabeak dira guztiak… Hemen, gaitasunak lantzen laguntzen diegu gero eurak euren kabuz euren etorkizuna lantzeko, orain egin ahal dutena baino zertxobait gehiago egiteko gai izan daitezen. Adibidez, formaziorako eta laneratzeko zein aukera dituzten erakusten zaie. Izan ere, datozen gehienek lan egin nahi dute. Aipatzekoa da, baita ere, emakumeen arteko sarea sortzen dela. Askok hemen ezagutzen dute jende berria, euren burbuiletatik kanpokoa eta gustura egoteko espazioa eskaintzen zaie. Karga-familiar handiak izan ohi dituzte eta halako espazio batean ez bada, ez dute euren buruak zaintzeko tarterik hartzen, ez diote euren buruari horretarako baimenik ematen", esplikatu du dinamizatzaileak. 

Emaitzak ikusten hasi dira

Ahalduntze Prozesuan dabiltzan emakume gehienak atzerritik etorritakoak dira, migranteak. Batzuk etorri berriak, baina beste batzuk Soraluzen urteak daramatzatenak. "Orain arabiarrak, errumaniar bat eta bi soraluzetar etortzen dira. Txiletar eta soraluzetar bana ere egon dira lehenago. Batzuek ikasketak dituzte, beste batzuek ez", gaineratu du Kaltzakortak. 

Iaz abiarazi zuten Ahalduntze Prozesua. Baina pandemiak, zelanbait, ezkutatu egin du egitasmoa. Hasi eta berehala, geldiarazi egin behar izan zuten. Gero, urrian berrabiarazi zuten, baina oso baldintzatuta: "Oztopo asko izaten ari gara. Irteerak egin behar genituen herria eta inguruak ezagutzeko, beste talde batzuk ezagutzeko… hori guztia ezin izan dugu egin", dio Kaltzakortak. 

Zailtasunak zailtasun eta proiektuak apenas lau hileko iraupena duen arren, Kaltzakortak azpimarratu du dagoeneko hasi direla emaitzak ikusten. 

"Laneratzeak ez ditugu ikusi, baina formazio aldetik aldaketak bai. Batzuk hasi dira nahi zuten formazioa egiten, gero praktikak egin eta etorkizunean lan egiteko. Hemen gaudenen artean, berriz, euren proiektuak landu eta betetzen hasi dira. Adibidez, musukoak egin eta herrian eurek jositako gauzak saldu ahal izateko postua jartzea ametsa izan da hasieratik. Eta lortu dute. Guretzat pauso txikia dirudien arren, eurendako pauso handia eta garrantzitsua izan da".

"Trebetasunak hobetu dituzte" 

Bestalde, Patricia Borinaga Udaleko Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazio Saileko arduradunak azaldu du Ahaladuntze Prozesua abian jartzea Debabarrena-Gizarteratze Sarearen 2019-2020ko Ekintza Planean onartu zela eta berau gauzatzeko Soraluzeko Udalak, Debegesak eta Zabaltzen Sartu Koop.ek lankidetza-hitzarmena sinatu zutela.

Finantzatu, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eskualdeko udalek (Debegesaren bidez) eta Eusko Jaurlaritzak (Zabaltzen Sartu Koop.en bidez) finantzatu zuten. Proiektuaren lehen fasea oso modu positiboan baloratu du zinegotziak: "Parte hartu duten emakumeen% 90ek trebetasun pertsonalak eta sozialak hobetu dituzte,% 100ek baliabide komunitarioen ezagutza eta erabilera hobetu dituzte eta% 95ek prestakuntza-gaitasunak hobetu dituzte. Gainera, lana aurkitzeko aukerak hobetze aldera, guztiei eman zaie curriculumak egiteko aholkularitza, enplegu-orrietan izena eman dute eta elkarrizketen formatua landu da", azaldu du Patricia Borinaga Gizarte Ongizate zinegotziak. 

Laneratzeko beharra 

Parte-hartzaileei dagokienez, berriz, Ahalduntze Prozesuarekiko laudorioak besterik ez dituzte. Oso gustura daude ikasketekin eta estimu handian dute taldeak ematen dien aberastasuna eta espazioak eskaintzen dien aukera. 

Hainbatek prozesua luzeagoa izatea nahiko lukete, gehiago ikasteko. Ia guztiek, berriz, lanen bat lortzeko baliagarria izatea nahiko lukete. Gainera, beharrizan handia dute horretarako. Askok ez dute paperik eta haiek lortzeko urtebeteko lan kontratua izatea exijitzen diete, egunean zortzi orduko jardunekoa. 

Oraingoz, hori ametsa da Gaztelekuko ikasleendako. Baina badihardute ahaleginean. Joskintzako irakasle duten Maryam Mousifek, adibidez, lortu zuen lanpostua. 

Artikuluari atxikituta daude jasota Mousif irakaslearen, Kaltzakorta dinamizatzailearen eta prozesuan parte hartzen diharduten bederatzi emakumeren lekukotasunak.