Sheima Ait-Ali: “Etorri eta lehenengo euskara ikasi nuen"
"Hizkuntza eta beste gauza asko ikasteko etorri nitzen. Dena dut gustuko: jende berria ezagutzea, taldean egotea… Sei hilabete daramatzat Soraluzen eta lehenengo euskara ikasi nuen HHIn (EPA). Lanbide Heziketa ikasi nahiko nuke orain, erizain izan ahal izateko. Baina orokorrean, gauza gehiago ikasi nahiko nuke, batik bat, hizkuntza".
Fatima Eich-Ali: "Oso gustuko dut taldean egotea"
"Alabarekin (Sheima) etorri nintzen ikastarora, hizkuntza ikasi eta herria eta jende gehiago ezagutzeko. Oso gustuko dut taldean egotea. Gauza berriak ere ikasi nahi ditut, adibidez, gustatuko litzaidake sukaldatzen ikastea, gero etxean egiteko. Ikastaroak datorren urtean jarraitzea nahiko nuke. Soraluze herri lasaia dela iruditu zait".
Ilham Chiguer: "Lana egiteko aukera izan nahiko nuke"
"Koronabirusarekin dena gelditu zen, lana… Horregatik erabaki nuen etortzea. Gero hemen, uste baino gehiago aurkitu dut: informatika ikasi, josten ikasi, Interneten lana bilatzen ikasi, irteerak egin… Horrek guztiak ama-girotik irteten eta emakume moduan bizitzen laguntzen dizu. Herritarren konfiantza eskuratu nahi nuke, lanerako aukera izateko".
Hakima Innaoui: "Honi esker gauza asko ikasten ditugu"
"Proiektu honi esker, gauza asko ikasten ditugu eta jendearekin egoten gara. Nik oso gustuko dut jostea eta taldean egotea. Hemen dauden emakume batzuk lehenagotik ezagutzen nituen, baina beste batzuk ez. Ikastaro hau bukatzean, josten segitzea gustatuko litzaidake eta lan egitea; gaztelania gehiago ere ikasi nahiko nuke".
Fatima Bentama: "Maitek asko laguntzen dit lana lortzeko bidean"
"Animatu naiz etortzera josten ikasteko, beste batzuekin berba egiteko eta taldean lan egiteko. Asko ikasten dugu. Gainera, Maitek asko laguntzen dit lana lortzeko bidean. Auzokon ere parte hartu nuen, integratzen ahalegintzeko. Jostun moduan lan egitea gustatuko litzaidake edo jendea zaintzen, nagusiak… Ikastaroa luzatzea ere gustatuko litzaidake".
Loubna Cherrat: "Lana aurkitzeko aukera izan daiteke ikastaroa"
"Gaztelania ikasteko hasi nintzen etortzen. Nire herriko jendearekin egotea ere oso gustuko dut. Eta lana aurkitzeko aukera ere izan daiteke. Aretxabaletan egin nuen halako beste ikastaro bat. Izan ere, hiru urte daramatzat hemen eta paperak lortzeko urtebeteko kontratua behar dut, egunean zortzi orduko jardunarekin".
Nazha Louardi: "Etxera hobeto noa hemen egon ondoren"
"Gauza asko ikasteko etorri nintzen: hizkuntza, josten, sukaldean, dendetan zelan lan egin, lana zelan aurkitu… Kirola ere egiten dugu mendian paseatzen eta jende asko ezagutu dugu. Etxera hobeto noa hemen egon ondoren. Bukatzean, gozogintza ikastaroa egin nahiko nuke, gozo-dendaren baten lan egiteko, edo josten edo osasungintzan".
Khadija Benacha: "Oso pozik bizi naiz herri honetan"
"Ikastea oso gustuko dut. Josten eta gaztelania hobetzen ikasten dugu eta taldean egoten gara. Oso gustuko dut. 2019an informatika ikastaro bat egin nuen. Euskara ikastea ere nahiko nuke. Hau bukatzean, lan egin nahiko nuke, edozertan: garbiketak egiten, zaintzaile-lanak… 2015etik bizi naiz Soraluzen eta pozik nago herri honetan".
Fatima Aabi: "Edozeini gomendatuko nioke etortzea"
"Oso gustura nago ikastaroan. Josten ikasteko eta gaztelania hobetzeko etorri nintzen, baita jende gehiagorekin egon ahal izateko ere. Gaztelania gehiago ikasi nahiko nuke, hura jakinda euskara ere ikasi dezakezulako. Edozeini gomendatuko nioke etortzea. Taldean lan egitea gustuko dut. Amaitzean, lana aurkitu nahiko nuke, edozertan".