Maite Kaltzakorta: "Garapen handia ikusten dut eurengan"

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 17a, 09:01

Maite Kaltzakorta dinamizatzailea Gaztelekuan.

Maite Kaltzakorta (Mendexa, 1990) Zabaltzen-Sartu kooperatibako langileak dinamizatzen du Soraluzeko Ahalduntze Prozesua. 

Zein jarduera egiten dituzue? 
Emakumeen ahalduntzea eta saretzea bultzatu nahi dugu eta horretarako, ahalduntze pertsonala eta kolektiboa eskuratzeko, prozesuan aurrera egiten lagunduko dieten gaitasunak ikasi eta garatzen dituzte. Hori lortzeko hainbat dinamika egiten dituzte. Adibidez, gorputza eta osasuna lantzen dute, eskulanak egiten dituzte, joskintza, hizkuntzarekiko hurbilketa eta herrian eta inguruan dituzten zerbitzuen ezagutza eta informazioa ere lantzen dute. 

Garapena ikusten da prozesuko parte-hartzaileen artean? 
Bai, handia. Garapen pertsonala eta taldekoa ikusten dut eurengan. Pertsonalean, batzuk HHIn matrikulatu dira, Lanbideko formazioetan ere bai, formazioa lantzen ari dira beste batzuk… Eta talde mailan herrian hasi dira hainbat dinamikatan parte hartzen (Hurbiltzenen euskararekin…) eta talde izaera hartzen. 

Halako ikastaroen beharra ikusten da? 
Bai. Eurentzat espazio bat izatea garrantzitsua da, euren garapenari tokia emateko eta baliabideak izateko. Asko datoz prozesu migratzaileetatik eta prozesu horietan oztopo eta zailtasun handiak izaten dituzte. Hemen haiei aurre egiten laguntzeko tresnak eta baliabideak eskuratzen dituzte.