Laster aurkitu zenuen lana hemen?
Ez, hasieran ez bainekien hizkuntza. 2007an etorrita, lehenengo hizkuntza ikasi nuen. Orain lau taldetan erakusten dut josten: bi Elgoibarren eta bana Soraluzen eta Abadiñon. Guztiak emakumeak dira. Elgoibarren bukatu berri dugun ikastaro batean bi mutil ere bazeuden, baina orain ez.
Zer erakusten duzu?
Ikastaroen iraupenaren arabera. Batzuk hiru hilekoak dira, beste batzuk urtebetekoak. Azken horietan, oinarrizko ezagutzatik hasten gara eta gero patroiak egiten ikasten dute.
Zenbat urte daramatzazu lanean?
Zabaltzenen lau urte. Lehenago fabrika batean lan egin nuen. Oraingo lana gustukoago dut. Emakumeekin lan egiten duzu eta oso polita da. Behar duten hainbat gauza ematen dizkiedala sentitzen dut. Josten ikasten erakusteaz gain, beste gauza asko ere egiten dugu. Adibidez, batzuetan arazoak dituzten emakumeak datoz, estututa daude… gure artean berba egin eta elkarri laguntzen diogu, familia bat baikinan.
"Irteteko eta ahalik eta gehien aprobetxatzeko esango nieke, itxaropena ez galtzeko"
Zein mezu emango zenieke emakume horiei?
Lehenengo, bertako hizkuntza ikasi behar dutela. Herri batean integratzeko, bertakoekin berba egiteko, hizkuntza jakin behar duzu. Aktiboak izan behar dira. Ez dira lotsatu behar. Normala da ez jakitea ondo berba egiten, ez da gure hizkuntza. Hemen ikasteko gaude eta egunero ikasten ditugu gauza berriak. Irteteko eta ahalik eta gehien aprobetxatzeko esango nieke, itxaropena ez galtzeko.
"Inork ez ditu bere gurasoak, anai-arrebak, familia, lurra… dena lagatzen ez badu beharrik"
Eta guri, hemengooi, zein mezu emango zeniguke?
Ahalik eta gehien laguntzeko. Beste herri batetik zatozenean, hemen bakarrik bazaude, familiarik gabe, hizkuntzarik gabe, ezer gabe… Oso-oso bizimodu gogorra da. Horregatik laguntza eskatuko nuke hemen integratzeko, berba egiten ikasteko… Eta pazientzia ere eskatuko nuke, udalera, medikuarenera goazenean eta ez dakigunean berba egiten… Pentsatu gu kanpotik gatozela gure bizimodua hobetzeko. Gure herrietan behar duguna izango bagenu, ez ginateke etorriko. Inork ez ditu bere gurasoak, anai-arrebak, familia, lurra… dena lagatzen ez badu beharrik.
Askok diote laguntzengatik zatoztela.
Ez gatoz zuetaz aprobetxatu eta laguntzak jasotzera. Lanera gatoz eta gure bizimodua hobetzera. Ez gatoz errazera bizitzera. Nire ezagun guztiek lan egin nahi dute. Hori da bizimodu normala. Lan egiten duzunean, dirua irabazteaz gain, pertsona normala sentitzen zara, autoestimua ematen dizu. Laguntzak jasotzean ez. Baina bizitzekorik ez baduzu, laguntza hartzen duzu lana bilatzen segitu bitartean. Nire senarra, adibidez, fabrika batean zegoen lanean, baina pandemia hasi zenean lan barik geratu zen eta oso txarto ari da pasatzen. Hori ez dela bizimodua esaten du. Marokon Fisikan lizentziatu zen. Hona edozertan lan egitera etorri zen eta begira… Halakoa da bizimodua!
Nik, hasieran, irteteko, berba egiteko… beldur handia nuen
Besterik nahiko zenuke gaineratu?
Eskerrak eman nahiko nituzke askok eman didaten babesarengatik. Nik, hasieran, irteteko, berba egiteko… beldur handia nuen. Baina norbaitek laguntzen badizu, zure buruarekiko konfiantza irabazten duzu, irteten hasten zara, lana bilatzen, gauzak egiten… gauza onetan pentsatzen. Oso-oso pertsona jatorrak daude: Elgoibarko udaletxekoak, Zabaltzen-Sartukoak…