Euskal presoei ezarritako urruntze politikak eragiten duen sufrimendua aitortu dute, aho batez

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 4a, 17:05

Udal ordezkari politikoak botoa ematen, atzo, eguaztena.

Atzo, eguaztena, udalbatzarrak aho batez onartu zuen Etxerat elkarteak aurkeztutako mozioa. Bestela esanda, udal ordezkari politiko guztiek (EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk) aitortu egin dute urruntze politikak sufrimendua eragiten duela. Alderdi sozialistak, besteak beste, adierazi zuen gaur egun urruntze politikak ez duela “zentzurik”. Aretoan hainbat herritar izan ziren, tartean, Asier Herizen ama, Marifran Aizpuru. Txalo artean eskertu zuten mozioaren onespena. 

Atzo, Etxerat elkarteak mozio bitartez eskatutakoa aho batez onartu zuten udal ordezkari politiko guztiek. 

Laburbilduz, aitortu zuten “urrunketa politikak eragindako trafiko istripu batean hil ziren Iñaki Saezen eta Asier Herizen senideek pairatutako sufrimendua”; “desadostasuna” erakutsi zuten “urrunketaren espetxe politikarekiko” eta “espetxe politika horrekin premiaz amaitzeko eskaera” babestu zuten, “Iñaki Saezen eta Asier Herizen heriotzak bezalako gertaerak berriz ere gerta ez daitezen”. 

Mozio osoa HEMEN irakurgai

Asier Herizen eta Iñaki Saezen senideek eta lagunek pozik hartu zuten onespena.

 

PSE-EE: Urruntze-politikak "ondorio negatiboak" ditu

Bozketaren ondoren, alderdi politiko bakoitzak boto-azalpena eman zuen. Luzeena PSE-EEko Patricia Borinaga zinegotziarena izan zen. 

Borinagak, laburbilduz, gogora ekarri zuen sozialistek frankismoaren zein ETAren “jazarpena” pairatu dituztela, eta, beraz, ondo ulertzen dutela “pertsonen sufrimendua”, baita ere, “kartzela-zigorra familiarengandik edo bizitokitik urrun betetzen ari ziren pertsonak bisitatzera zihoazela Iñakik eta Asierrek auto-istripuan bizitza galdu izanak eragindakoa”. 

Onartu zuen “behin eta berriro, urteetan distantzia luzeak egin beharra” dela “trafiko-istripu horien testuingurua” eta baita ere, presoen urruntze horrek, “Espainiako ordenamendu juridikoak zehazten duenaren aurkakoa izateaz gain, ondorio negatiboak eragiten” dituela. Gaineratu zuen urruntze-politika horrek ez duela “zentzurik gaur egun”. 

Hori bai, zinegotzi sozialistak argi esan zuen “ETAk eragin zuen beldurra, mina eta heriotza betiko” geratuko direla eta “egindakoaren bidegabekeria onartzen ez den bitartean”, ez dela “aurrera egingo, ez egiaren aitortzan eta ezta bizikidetzan ere”. 

Ordezkari sozialistak uste du ezinbestekoa dela “terrorismoari zilegitasuna” kentzea. “Guretzat Giza Eskubide guztiak errespetatu behar dira. Horregatik, guk aurrera egiten jarraituko dugu, gertatutakoaren egia eta terrorismoaren biktimei eragindako minaren bidegabekeria eta zentzugabekeria aitortuko dituen bizikidetzarantz”, azpimarratu zuen. 

Testu osoa HEMEN irakurgai. 

EH Bildu: "Guztien ahaleginaren emaitza"

Bestalde, EH Bilduren izenean, Unai Larreategi bozeramaleak egin zuen berba. Hark gogora ekarri zuen atzokoa moduko adostasunak direla azken urteotan alderdi guztiak egiten ari diren “ahaleginaren” emaitza. Esan zuen ahalegin horri esker direla orain “kapaz berba egiteko eta bidea eginez joateko”. 

Larreategik gaineratu zuen politikariek bidea egiten segitzen badute, “herriak hobeto ulertuko” duela: “Denon sufrimenduak aitortuz gero, hobeto ulertuko dira besteenak”. “Ea kapaz garen pausoak sendo emateko eta ea lortzen dugun etorriko diren pauso berriak elkarlanean ematea”, adierazi zuen.

EAJ: "Poliki-poliki zubiak eraikitzen"

Azkenik, EAJren izenean, Iker Aldazabal alkateak azpimarratu zuen Etxeraten mozioa Bizikidetza Mahaian landu zutela eta bizikidetza hori gauzatzeko “poliki-poliki zubiak eraikitzen” ari direla. Jeltzaleen ordezkariak itxaropena partekatu zuen politikariek etorkizunean ere elkarlanean eta elkarren arteko konfiantzan jarduteko bide horrekiko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.