Sozialisten boto azalpena Etxeraten mozioaren puntuan

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 4a, 12:04

Sozialistontzat ez da ezezaguna pertsonen sufrimendua, batez ere sufrimendu hori bizitza baten galera, ulertezina eta traumatikoa bada.

Sozialistok frankismoak jazarri gintuen lehenengo eta gero ETAk. Horregatik, sufrimenduaren zuzeneko ezagutza hori dugunez, ez zaigu inoiz arrotza egingo Iñaki Saezen eta Asier Herizen senide eta lagunek sentitzen duten sufrimendua. Pertsonen bizitzaren galeraz hitz egiten ari gara eta galera horiek beti atsekabetuko gaituzte. Hildakoengatik eta maite zituztenengatik, haien senide eta lagunengatik.

Beraz, kartzela-zigorra familiarengandik edo bizitokitik urrun betetzen ari ziren pertsonak bisitatzera zihoazela  Iñakik eta Asierrek auto-istripuan bizitza galdu izanak sufrimendua eragiten duela onartzen dugu.

Behin eta berriro, urteetan distantzia luzeak egin beharra da trafiko-istripu horien testuingurua, Espainiako ordenamendu juridikoak, ahal den neurrian, kartzela-zigorrak senideengandik eta lagunengandik ahalik eta gertuen betetzea aurreikusten duen arren.

Eta istripu horietan galdu ziren biziak. Eta senideen eta lagunen sufrimendua ukaezina da. Halaber, zigorrak inguru pertsonaletatik urrun betetzeak, Espainiako ordenamendu juridikoak zehazten duenaren aurkakoa izateaz gain, ondorio negatiboak eragiten ditu zigortutako pertsonaren senideengan eta lagunengan.

Gure ustez, kartzela-zigorrak betetzeko urruntze-politika horrek ez du zentzurik gaur egun. 

Sozialistok aspaldi egin dugu salbuespenik gabeko espetxe-lege orokorraren alde, ahalbidetuko duena presoei beren bizilekuetatik hurbil dauden espetxeetan zigorrak betetzea. Horrela, urruntzeak dakarren deserrotze familiarra eta soziala saihestuko da, batez ere senideekiko harremanari dagokionean, betiere gizarteratze- eta birgizarteratze-printzipioekin bat etorriz.

Gainera, ETA amaitu ondorengo garai berrian egin dugu hori; orain dela ia hamarkada bat desegin zen erakundea.
 
Gure ustez, ETAren amaiera berandu etorri zen eta okerra izan zen. Gizartearentzat, oro har, eta, bereziki, haren biktima guztientzat. Eraildakoentzat, erasoak jasan zituztenentzat, mehatxatuentzat, jazarritakoentzat eta desberdin pentsatzeagatik eta hori adieraztera ausartzeagatik hamarkadetan zehar jazarpena jaso zutenentzat. 

ETAk eragin zuen beldurra, mina eta heriotza ez dira ezabatuko, betiko geratuko dira eta egindakoaren bidegabekeria onartzen ez den bitartean, ez dugu aurrera egingo, ez egiaren aitortzan eta ezta bizikidetzan ere.

Izan ere, ETAren biktimekiko enpatia edo aitortza ez da bakarrik euren minarekiko elkartasuna sentitzea bakarrik. Batez ere min hori eragiten duen terrorismoari zilegitasuna kentzea da. Eta, esan beharra dago, ezker abertzaletik egin berri diren adierazpen batzuek ez dutela prozesuan laguntzen.

Guretzat Giza Eskubide guztiak errespetatu behar dira. Horregatik, guk aurrera egiten jarraituko dugu, gertatutakoaren egia eta terrorismoaren biktimei eragindako minaren bidegabekeria eta zentzugabekeria aitortuko dituen bizikidetzarantz. Lanean jarraituko dugu eragindako sufrimendua ahaztu ez dadin. Iragana kontuan hartuta etorkizuna eraikitzeko. Izan ere, guztion artean, herri hau normalizatzeko eta tolerantzia- eta bizikidetza-espazio bat eraikitzeko gai izan behar dugu, terrorismoa eta indarkeria gaindituz eta berriz ez errepikatzea bermatuz.