Etxerat elkartearen mozioa

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 4a, 12:05

19 urte betetzen dira gure bizilagunak ziren Iñaki Saez eta Asier Heriz , euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren ondorioz hil zirela.

2001-09-08an Brievako espetxera bidean, preso zegoen beren laguna zen Lurdes Txurruka bisitatzera zihoaztela, herri honetako auzotarrak Iñaki Saez eta Asier Herizek bizia galdu zuten errepidean jasandako istripu batean.

Heriotza hau ez zen kasualitatea izan. Berrogei minutuko bisita egin ahal izateko, 337 kilometroko bidaia egin beharko zuen espetxera iristeko, eta beste 337 kilometro etxera itzultzeko; bidaia luzeak egitea aukera bakarra dute presoen senide eta lagunek bisita eskubidea bermatzeko, duela hiru hamarkada frantziar eta espainiar estatuetako gobernuek euskal presoen aurkako urruntze politika martxan jarri zutenetik.

Geroztik, beraien senide eta lagunek milaka kilometro egiten dituzte astero errepidean. Oraingoz, dokumentuekin egiaztatutako 344 kotxe-istripu gertatu dira; urrunketak 1.000 kaltetu eta zauritu inguru eta 16 hildako eragin ditu.

Memoria ariketa egitea guztiz beharrezkoa dela uste dugu, antzinako espetxe politika hau atzean uzteko garaia da, ezinbestekoak diren oinarriak behin betiko sendotzearekin batera, horrelakorik berriro ez gertatzeko aitortza ariketa egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Hori dela eta, hurrengo deklarazioa adostea eskatzen diogu udal honi:

ERABAKIA.

  • 1.- Brievako espetxean urrunduta zegoen preso bat bisitatzera zihoazenean, urrunketa politikak eragindako trafiko istripu batean hil ziren Iñaki Saez eta Asier Herizen senideek pairatutako sufrimendua aitortzen du instituzio honek.
  • 2.- Espetxeko Lege Orokorraren birgizarteratze printzipioak jarraituz, askatasuna kentzeko zigorra dutenen deserrotzea ekiditeko urrunketaren espetxe politikarekin desadostasuna adierazten du udaletxe honek, eta era berean, ETAren desagerpenak ekarritako garai berriekin bat eginez, espetxe politika berri baten beharra ikusten du, zigortuak zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbideratzen duena, horrela haien senideekin duten harremana erraztuz eta adingabeko seme-alaben eskubideak defendatuz, haien ongizatea bermatzeko.
  • 3.- Preso dauden pertsonak urruntzea haien senide eta lagunei ezarritako Zigor gehigarritzat hartzen dugu. Hori dela eta, espetxe politika honekin premiaz amaitzeko eskaera egiten dugu, Iñaki Saez eta Asier Herizen heriotzak bezalako gertaerak berriz ere gerta ez daitezen.
  • 4.- Legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politika bat aplikatuz, beste neurri batzuekin batera, presoen problematikari erantzun bat ematea elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko ekarpen garrantzitsua litzatekeela uste du udaletxe honek.