ELKARRIZKETA

“Gaitz guztien iturria betelanetan dago baina arazoa da ofizialki ez direla existitzen” Luis Plata

Egoitz Unamuno 2020ko mar. 5a, 10:30

Epaitegietan borrokatu da eta irabazi egin du. Aurrean arerio indartsua izan du: Gipuzkoako Foru Aldundia, baina bederatzi urte epaitegietan pasatu eta gero, justiziak arrazoia eman dio Iraola-Etxeberriko Luis Platari.

Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak mendi-magala egonkortu eta Iraola errekatxotik datozen urak bideratu beharko ditu. Donostiako epaitegian abiatu zen auzia, EAEko Auzitegi Nagusira pasatu zen gero eta ,azkenik, Aldundiak  Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegitea atzera bota duenean amaitu da auzibidea. Orain, Aldundiak martxoaren amaierara arteko epea du lanak abiatzeko. Horixe da sententziak ezarri duen borondatezko epea. Epe horren barruan Aldundiak lanak abiatuko ez balitu, beste aldeak, alegia, Luis Platak, aukera izango luke Aldundia legez lan horiek hastera behartzeko.

Zela zaude epaia jaso ostean?

Pozik nagoela esan beharko nuke baina ez da hala. Nire aurrezkiak epaitegietan gastatu ditut eta irabazi egin dut epaiketa. Epaia azarokoa da eta oraindik ez dut jaso Aldundiaren komunikaziorik.  

2011tik epaitegietan egon behar izan dut, horrela amaitzeko. Baina zer da hau? Nik nahi dudana da nire familia eta ni seguru bizi ahal izatea, besterik ez. Oso gogorra eta oso tristea da egoera honetan bizi beharra, euria egiten duen bakoitzean mendia gainera jausiko zaizun beldurrez. Etxera heldu ezinik ibiltzen gara eta azkenengo aldian, azaroan, alkatea ere bertan izan zen kañutik lurra ateratzen. 

Behin erori bada eta hemen jarraitzen badugu bizi izaten, eta epaitegietara joan eta epaileak badio ez direla egin beharreko lanak egin eta hala ere ez bada ezer egiten, zeinek bermatzen du familia hau seguru dagoela hemen? Zenbat diru balio dute gure bizitzek? Hildakoak behar dira zerbait egiten hasteko? Ez al dagokio Aldundiari gure segurtasuna bermatzea?

Sententziak zer dio?

Sententziak dio hamar egunean adierazi beharra dagoela nork burutuko dituen erori zen mendi-magala egonkortzeko lanak eta bi hilabete dituztela lan horiek egiteko; gainontzean, epe hori pasatuta, derrigorrezko ejekuzioa eskatu ahalko nukeela. Oraingoz, borondatezko epean gaude baina epe horretan ezer egiten ez badute, derrigorrean egin beharko dute.

Sententziak oso garbi jartzen du zer egin behar duten: mendi-magala egonkortu eta Iraola errekatxotik datozen urak behar bezala bideratu, hortxe baitago gaitz guztien iturria. Baina arazoa da betelaneko bi lur-multzo horiek ofizialki ez direla existitzen.

Nola da hori?

Autopistako lanak egin zirenean, tuneletatik atera zen lurra Mekolaldera eroan beharrean, bertan bota zuten. Momentu horretan Aldundiak eta Udalak zergatik ez zuten kontrolatu hori? Ba, inork ez zuen ezer esan, eta gainera obra egiteko eratu zen UTEak salgai jarri zuen etxea eta pertsona bat etorri eta erosi egin zuen, baina etxe horrek propio ‘ezkutatutako bizio’ bat zuen, deklaratu barik zeuden betelaneko bi lur-multzo, eta hori delitua da. Hau iruzur bat izan da. Etxe hau ez zuten inoiz salgai jarri behar. Orain, jarri nire lekuan.

2011. urtean galdera Gipuzkoako Batzar Nagusietara eroan nuen, gure etxearen atzean zeuden lur-multzo haiek legezkoak ote ziren jakin nahian, eta garai hartan garraio diputatua zen Larraitz Ugartek garbi esan zuen ezetz, Aldundiak ez zuela horien inolako berririk eta Jaurlaritza eta Ura agentzia zirela baimen horren berri izan behar zutenak. Ura etorri zenean ere, gauza bera galdetu nion eta erantzuna berdina izan zen: ez zela ageri baimenik. Nola da posible betelan horiek inork ez gainbegiratu izana?

2014an Aldundiak bere txosten batean aitortu zuen urak goiko betelanaren eraginez desbideratu zirela. Nola liteke Aldundiak hori idatzi eta sei urtera ezer egin barik egotea?  

Babesgabe sentitu zara?

Bai. Bederatzi urte pasatu ditut epaitegietan, bakar-bakarrik, Udalaren eta agintean egon diren alkateen laguntzarik eta babesik gabe. Egia da EH Bildu alkatetzan egon zen garaian Udalak zanga bat egin zuela urak bideratzeko asmoz, bere borondaterik onenarekin egingo zuen, baina harrezkero, urak errepidera datoz…

Gaia Auzitegi Goreneraino heldu da. Auzia irabazi dut. Gal nezakeen baina irabazi egin dut. Baina, hala ere, inork ez dit laguntzarik eskaini. Ez alkateak eta ezta oposizioak ere. Zer espero behar dut nik? Tristetzen nauena da herriaren eta herritar guztion ordezkari den alkateak ezer ez egitea guri laguntzeko.

Aldundiko garraio diputatuari ere eskatu diot bilera, jakiteko ea zerbait adostu dezakegun eta erantzun dit esanaz bilera ez dela ‘pertinentea’.

Zure ustez zein da orain arte urak bideratzeko lanak egin ez izanaren arrazoia?

Benetan, ez dakit. Aldundiak Euskadiko Auzitegi Nagusiaren epaia errekurritu zuen Auzitegi Gorenera jakinda etxearen gainekaldean deklaratu bariko bi lur-multzo daudela. Ez dut ulertzen. Denbora irabazi nahi izan dute? Ikusi ea nik atzera egiten nuen? Ez dakit zer pentsatu. Pentsatzen hasita nago ez dituztela lur-multzoak ireki nahi barruan aurkituko dutenaren beldur.

Autopista administrazioarena da eta administrazioak obra publiko bat egiten duenean ziurtatu behar du dena legearen barruan egin dela. Non dago legea hemen?

Inoiz damutu zaizu etxea erosi izana?

Niretzat etxe honek balio sentimentala zuen, hauxe izan zelako nire gurasoak Salamankatik etorri zirenean lo egin zuten lehenengo etxea. Hori bai, etxea erosi aurretik jakin izan banu hemen zer zegoen ez nuen erosiko, ezta zoratuta ere. Baina UTE-ak salgai jarri zuen, modu legalean, eta, nik pentsatuz dena zuzen zegoela, erosi egin nuen. Nik orain ahal dudana egiten dihardut hemen seguru bizi ahal izateko, ez besterik.

Zer espero duzu hemendik aurrera?

Aldundia epaia baloratzen ari omen da baina nahi ala nahi ez mendi magala egongortu egin beharko du, proiektua zehaztuta dagoelako. Horrekin batera, Iraola errekatxoko urak ere bideratu beharko ditu eta betelanak egonkortu ere bai, baina beldur naiz ez ote diren bigarren lan horiek atzeratzen ahaleginduko, nahiz eta badakiten azkenean egin beharko dituztela, besteak beste, nik ez dudalako etsiko.

Kronologia

- 2003an, Jaurlaritzak AP-1a egiteko lanak hasi zituen.

- 2007an, Iraola-Etxebarri erosi zuen UTE-ak salduta.

- 2009an, arrakalak atzeman zituen eta Aldundian salatu zuen.

- 2011n, lehen luizia gertatu zen eta Aldundiak ingurua egonkortzeko lanak hasi zituen.

Aldundiak ez zituen lanak amaitu eta epaitegietako bidea hasi zuen.

- 2013an, bigarren luizia gertatu zen.

- 2019an, aldeko epaia jaso du.