524 herritarrek parte hartu dute orain arte herri-galdeketan

Ubane Madera 2019ko ots. 15a, 17:07
Emakumea botoa ematen Idazkaritzan, gaur eguerdian, barikua.

Azken txanpan sartu da dagoeneko autobus geltoki nagusiaren gaineko herri-galdeketa. Bost asteguneko bozketa bukatuta, 524 herritarrek parte hartu du orain arte kontsultan. Asteburuan esprinta joko du galdeketak, goizez zein arratsaldez zabalik izango da-eta bozketarako aukera, udaletxean.

Bihar, zapatua, atzera ere gertu izango da herri-galdeketako hautetsontzia herritarren botoak jasotzeko. Udaletxeko bigarren solairuan, osoko bilkuren aretoan bozkatu ahalko da zapatuan eta domekan, goizez, 10:00etatik 13:00ak arte eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00ak arte.

Behin epea bukatuta, domekan 19:00etan hautetsontzia itxi bezain laster egingo dute boto-zenbaketa eta emaitza zein den ere jakinaraziko dute.

16 urtetik gorako guztiek

Astelehenean abiatu zen autobus geltoki nagusiaren gaineko herri-galdeketa. Bost egunotan 524 herritarrek parte hartu du bertan. Gehienak edadetuak, kontsultaren goizeko ordutegiarengatik. Hain justu, herritar guztien bozkatzeko eskubidea bermatu nahian izango da asteburuan egun osoan bozkatzeko aukera.

Soraluzen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako bizilagun guztiek dute botoa emateko eskubidea, guztira, 3.298 lagunek.