Autobus parada eta galdeketa

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Soraluze 2019ko ots. 14a, 12:22

Martxan da galdeketa. 3298 laguneko erroldatik 344 pertsonak eman dute bozka lehen 3 egunetan.

EHBildutik oso kritiko izan gara autobus geltokiarekin EAJ-PSEk egin duten gestioarekin. Ez dira gai izan debatea parametro egokietan emateko, erabaki tekniko bat izan behar zuena erabaki politiko bihurtu dute. 

Desinformazio egoera horrek zalantzak sortzen dizkio bere iritzia ikuspegi logiko-tekniko batetik erabaki nahi duen edozeini. Autobus geltokia Baltegietan ipintzeak SAPAko geltokia Sagar-Errekara eramatea ekarriko luke automatikoki? Eta Zubi Nagusian ipiniko balitzateke zer gertatuko da zaborren kontenedoreekin? Zeinek erabakiko du kasu honetan kontenedoreak nora mugitu?

Herritarrek galdera horien erantzunak eta beste hainbat informazio teknikorik gabe galdeketara deitzea arduragabekeri ariketa bat da gure iritziz. Informazio egokirik gabeko herri galdeketa bat ez delako eredu demokratiko on bat gure iritziz.

Hala ere galdeketa abian dela ikusita EHBildutik herritarrei parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. EAJ-PSEk Baltegietaren aldeko jarrera publikoa hartu dute (horregatik diogu erabaki tekniko bat izan behar zena galdeketa politiko bat bihurtu dutela), EHBildutik ez dugu galdeketa alderdien arteko erreferendum bat bihurtu nahi. Autobus geltokia non jarri ez delako erabaki behar bakoitzak dituen preferentzia politikoen arabera baizik eta bakoitzarentzat autobus parada egokiena non dagoen hausnartuta. Autobus geltoki txukun batek zer beharko luke? Ba gure iritziz ondo legoke herriko autobus geltoki zentralak aterpea, esertzeko lekua, irisgarritasun egokia eta segurtasun sentsazioa bermatzea. Komentatu izan dugu aurretik ere EHBilduko zinegotzion ustez Zubi Nagusia dela horiek egokien betetzen dituena, baina ez dugu egingo Zubi Nagusiaren aldeko kanpainarik. Nahi duguna da herritar bakoitzak preferentzia ideologikoen gainetik bakoitzak egiten duzuen erreflexioaren arabera erabakitzea zuetako bakoitzaren iritziz zein den lekurik egokiena autobus geltokirako.

Bukatzeko jakin gaur ostegun eta ostiralean goizeko 10tatik 13tara egongo dela udaletxeko lehen solairuan bozkatzeko aukera eta larunbat zein igandean pleno aretoa egongo dela egokituta bozka emateko goizeko 10tatik 13tara eta arratsaldeko 16tatik 19tara.

Eta ea behingoz ixten dugun aspaldi erabakita beharko lukeen kontu hau, badaude eta Soraluzeko etorkizunarentzat askoz garrantzitsuagoak diren debate eta urjentziak pendiente.