Dagoeneko 344 lagunek eman du botoa

Ubane Madera 2019ko ots. 13a, 16:02

Herritarrak herri-galdeketarako erreserbatuan itxaroten, gaur eguerdian, eguaztena.

Indartsu hasi eta indartsu segitzen du autobus geltokiaren gaineko herri-galdeketak. Hirugarren eguna duen honetan, dagoeneko 344 herritarrek eman dute botoa. "Ikusten da herriari hitza emanez gero, herriak erantzun egiten duela", azpimarratu du Iker Aldazabal alkateak, pozik orain arteko erantzunarekin.

Gaur, eguaztena, 97 lagun izan dira herri-galdeketan botoa ematen. Orain artekoak zenbatuta, bada, guztira 344 lagunek parte hartu du galdeketak daramatzan hiru egun hauetan; bestela esanda, botoa eman dezaketen 3.298 herritarren %10ak baino gehiagok bozkatu du.

Gehienak izan dira, hori bai, herritar adinduak. Aurreikuspena da, bozketarako ordutegia kontuan hartuta, zapatuan eta domekan bertaratuko direla herritar helduak eta gazteak. Izan ere, zapatuan eta domekan 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak arte eman ahalko da botoa, osoko bilkuren aretoan.

"Ohiko praktika"

Iker Aldazabal alkateak oso modu positiboan baloratu du orain arteko erantzuna, eta herri-galdeketen onurak azpimarratu ditu, herri-galdeketak “ohiko praktika” bilakatu beharko liratekeela adierazita, besteak beste. “Soraluzen egiten den lehen herri galdeketa da eta ikusten da herritarrei galdetuz gero, haiek parte hartzen dutela. Espero dut ez izatea egiten den azken herri-galdeketa. Behar duguna da herri mailan herri-kontsulten praktika ohiko praktika bilakatzea eta ez lau urtean behin botoa eman eta kito. Ze ikusten da herriari hitza emanez gero, herriak erantzun egiten duela”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.