Sententziaren zain

Ubane Madera 2019ko urt. 21a, 14:55
Gabolats kalean izan zen erasoa, domekan.

Gaur goizean, epaiketa azkarra egin diote domekako eraso matxistaz akusatutako gazteari. 11:00etan hasi eta 14:00ak pasa bukatu da epaiketa, eta besteak beste, bertan izan dira erasoa jasan zuen emakumeari lagundu zioten lekukoak. Sententziaren zain geratu dira. 

Atxilotu barik eta bere kabuz joan da gaur goizean deklaratzera domekako eraso matxista egiteagatik akusatutako gaztea. Segurtasun Sailak esplikatutakoaren arabera, gazteari diligentziak zabaldu zaizkio, inputatu edo ikertu modura. Eta ondorioz, epaiketara joateko zitazioa dute harendako. Aldiz, eskura ezin izan diote eman, ez dutelako lokalizatu. Beraz, badirudi gazteak, egoeraren berri jakin, eta epaiketara bertaratzea erabaki duela.

Guztiek deklaratu dute

Kontuak kontu, 11:00etan hasi da eraso matxistari buruzko epaiketa, Bergarako epaitegian. M.M. herritarrak kontatu duenez, berak eta senarrak deklaratu dute lehenengo, lekuko modura. Eta euren ostean deklaratu du erasoa jasan zuen emakumeak. 14:00ak inguruan irten dira eurak epaitegitik, eta gainontzekoak epaiaren zain geratu dira.