Eraso matxista “gogor gaitzetsi” du Udalak

Ubane Madera 2019ko urt. 21a, 10:34

Eraso sexisten kontrako ikurra.

Soraluzeko Udalak “gogor gaitzetsi” du domeka goizaldean herrian izandako eraso matxista, “baita erasoaren aurrean bere sumina adierazi ere”. Bestalde, “erasoa jasan dutenei eta beren ingurukoei elkartasuna” adierazteaz aparte, dei egiten du, Korner Morea Elkarte Transfeministarekin batera, gaur 19:30ean antolatutako elkarretaratzera joateko.

Domeka goizaldean Soraluzen izandako eraso matxista gaitzesteaz batera, Udalak adierazi du “emakumeen aurka ematen diren indarkeria era desberdinek (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa eta sexuala…) beraien osotasun eta duintasun fisiko eta moralaren aurkako eraso zuzena” suposatzen dutela eta “ondorioz, oinarrizko eskubideen aurkako bortxaketa larri eta onartezina” direla.

Horrekin batera, zera ere gogora ekarri du: “Eraso sexistak eta sexu-erasoak gizartean eta eguneroko bizitzan, arlo publikoan nahiz pribatuan, ematen den indarkeria matxistaren isla baino ez dira, eta hori dela eta, emakumeenganako errespetuan oinarritzen ez den jokaera oro gaitzesten du, keinu eta jarrera sexistetatik hasi eta muturreko erasoetaraino”.

Berdintasuna, heziketa…

Eta gaineratu du, hala ere, gaitzespenek ez dutela “ezertarako” balio baldin eta “ez badugu barneratzen berdintasun, prebentzio, heziketa eta, batez ere, errespetu gehiagorekin bakarrik lortuko dugula emakumeek eta neskatilek momentu oro eta toki orotan pairatzen dituzten indarkeria eta jarrera matxistekin amaitzea”. Ildo beretik, azpimarratu du, besteak beste, “era honetako jarrerenganako tolerantzia eta inpunitatearekin amaitu beharra” dagoela. Osorik irakurtzeko, hemen klikatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.