Gazte baten bila dabil polizia, ustezko eraso matxista batengatik

Ubane Madera 2019ko urt. 20a, 12:14
Gabolats kalean izan da ustezko eraso matxista, bart gauean.

Ertzaintza 21 urteko gazte baten bila dabil, ustez bart gauean bikotekideari eraso egin ziolako. Gabolats kalean izan dira gertakariak, 01:00-01:15ak bitartean. Atari barruko beste bizilagun batek emakumearen deiadarrak entzun eta haren etxera bertaratu denean, emakumea ahotik odoletan eta kuman zegoen umetxoa eramateko eskean aurkitu du.

Gabolats kaleko M.M. bizilagunak kontatutakoaren arabera, 01:00-01:15ak inguruan senarra ohetik jaiki da, emakume baten deiadarrak entzun dituelako. Etxe barrutik zetozen zaratak, beheragoko solairutik, eta bertara jaitsi da. Atea jo, baina hasieran inork ez dio zabaldu.

Umetxoa eramateko

Baina behin eta berriro saiatu da, eta azkenean atea erdizka zabaldu diote. Atearen zirrikitua baliatuta, bultza egin eta etxe barrura sartu da gizonezkoa, eta lekukoaren esanetan, emakume bat aurkitu du bertan, ahotik odoletan eta kuman zegoen umetxoa eramateko eskean.

Horrelaxe egin du gizonezkoak, eta umea bere etxera igo du. Ondoren Ertzaintzari deitu dio eta bera atzera ere emakumearengana jaitsi da, polizia iritsi bitartean laguntasuna emateko. Ordurako ya 21 urteko gazteak etxetik ospa egin zuen.

Kolpeak gorputz osoan

Polizia laster bertaratu da, 01:30ak ingururako, eta deklarazioa hartu ondoren, emakumea ospitalera eraman dute arta dezaten. Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, emakumeak kolpeak zituen gorputz osoan, baita ahoan ere. Eta gaztearen kontrako salaketa ipini du.

Identifikatuta

Ustezko erasotzaileari dagokionez, berriz, identifikatuta dago, haren bila dabil Ertzaintza eta gertakaria ikertzen dabiltza. Lekukoen arabera, atzeko patioko leiho batetik sartu da bart gauean 21 urteko gaztea bikotekidearen etxera, umetxoa eraman nahi duela esanez.

Bihar goizean deklaratu dute, besteak beste, emakumeari lagundu zioten bizilagunek.

Bigarren eraso matxista

Urtea hasi zenetik eta epaileak horrela berresten badu, Soraluzen izan den bigarren indarkeria matxista kasua izango da honako hauxe. Urtarrilaren 1ean izan zen lehen eraso matxista. Orduko hartan ere gazte bat izan zen erasotzailea, 25 urtekoa; bikotekideari egin zion eraso eta baita hari laguntzera joan zen lagunari ere. Besteak beste, urruntze agindua du ezarrita.

Erlazionatuak

Elkarretaratzea deitu dute

Erredakzioa 2019 urt 20 Soraluze