Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa, kulturala zein paisajistikoa ezagutzera emateko eta udazkenean inguru hartan egindako lanen berri emateko hitzaldi bana egingo dituzte Soraluzen zein Elgoibarren datozen asteotan.
Hain justu, Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko lanean diharduten adituek emango dituzte xehetasun guztiak. Soraluzeko kasuan, otsailaren 8an da hitzaldia, 18:00etan, osoko bilkuren aretoan. Eta besteak beste, berbagai izango dituzte Irukurutzetako trikuharrian hasitako indusketak zein Kerexetaegia Hegokoa trikuarriharen berreraikitzea. Interesa duen edozein bertara daiteke.
Ehorzte-errituak
Karakatetik Hirukurutzetarako tartean dagoen historiaurreko ondare arkeologikoarengatik da garrantzitsua Dolmenen Ibilbidea. Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak daude bertan, hain zuzen ere.
Antzinako arbasoek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzitako ondarea, gainera, antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
2012an hasi ziren Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko Udalak Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua lantzen eta garatzen, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean.