Urria-azaroa oparoa izan da lan aldetik mendigainean. Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraiki dute eta jatorrian zuen itxurarekin laga dute. Gainera, berreraikuntzarako erabili duten materiala berorrena da, inguruan sakabanatuta aurkitu eta erabili dutena.
Barandiaran
Trikuharri hori 1921ean aztertu zuten Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek. Haiek egindako indusketa arkeologikoari esker, zehaztu ahal izan zuten hilobiko kamararen kokapena eta hari forma ematen zioten megalitoak identifikatu zituzten.
2014an Aranzadi Zientzia Elkarteak berriro ikertu zuen trikuharria eta agerian geratu zen trikuharriaren egitura pixkanaka masa galtzen ari zela. 2018an, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioari esker, Kerexetaegia Hegokoa trikuharria berreraikitzeko lanak egin ahal izan dira.
Indusketak
Horrez guztiaz aparte, indusketa lanak egiten ere jardun dute azken bi hilabeteotan.
Hain justu, Hirukurutzetako trikuharriaren erdiko kraterrean indusketak egin dituzte, eta besteak beste, bertan aurkitu zituzten aztertzera bidalita dauden gezi bat, suharrizko pieza bat, ikatza…
3D eredua
Horrez gain, trikuharri hori zelakoa zen erakusteko material grafikoa batu dute, ortoargazkiak egin eta 3D eredua sortzeko. Hori guztia 2018ko urria-azaroan egin dute, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, topografo eta arkitekto banak eta 10 boluntariok.
Bestalde, Gizaburuagako indusketan azaldutako hezurrak Karbono 14arekin aztertuta, emaitzek ondorioztatu dute uste baino 1.000 urte zaharragoak direla aztertutakao laginak; hala ere, Karbono 14a baino zehaztasun handiagoa duen metodo batez aztertzeko hezurrok beste laborategi batera bidali, datua ziurtatzeko.
Laburbilduz, bada, 2012an Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua abiarazi zutenetik, hasi dira azaleratzen lanketa horren emaitzak; 2018an, bereziki, ikusgarri.
Baliabide ekonomikoak ere gora
Orain arteko lanak eta etorkizunekoak egiteko baliabide ekonomikoak beharrezkoak dira. Zentzu horretan, aipagarria da Plazentzia-Elosua Estazio Megalitikora bideratzeko 2018an 131.641,71 euro lortu dituztela. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren bidez 110.641,72 euro bideratu dira, eta Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako Udalen ekarpenaren kopurua handitu da (orain 7.000 eurona ipintzen du bakoitzak urtero). Bestalde, Soraluzeko Udalak dagoeneko 8 hektarea lur erosita ditu mendi-gainean.
Urtea borobiltzeko, aurten egindako lau bisita gidatuetan 96 lagunek parte hartu du.