Hogeitaka lagun Karakaten elkartu, eta behe-lainoa garbitu ondoren, egurats oskarbia lagun zutela egin zuten Dolmemen Ibilbidea ezagutzeko aurtengo lehen bisita gidatua.
Donostia, Zarautz, Amezketa… moduko udalerrietatik etorritako bisitariek Deba eskualdekoekin batera osatu zuten taldea. 10:00ak jota zirela abiatu, eta 13:15ak inguruan bueltatu ziren Karakatera, bidean dauden hainbat dolmenen gaineko informazioa eskuratuta. Irteera borobiltzeko, hamarretakoa egin zuten amaieran Karakaten.
Izena eman
Atzokoaz gainera, beste lau bisita gidatu antolatu dituzte udazkenerako: urriaren 7an (gaztelaniaz, beteta dago taldea); urriaren 21ean (euskaraz, oraingoz bi lagunek eman dute izena); urriaren 28an (gaztelaniaz, 12 lagunek eman dute izena) eta azaroaren 4an (euskaraz, taldea hutsik dago oraingoz).
Bisitak doan dira, baina parte hartzeko izena eman beharra dago, honako bideetako bat erabilita: 657 79 46 77 zenbakira deituta edo info@begibistan.com helbidera idatzita.
Ia 200 lagun
Iaz 192 lagunek parte hartu zuten bisita horietan. Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek sustatu duten lanerako planaren baitan kokatzen dira, Dolmenen Ibilbidea kontserbatzeko, balioan jartzeko eta ikertzen jarraitzeko helburuarekin.