Aurrerapauso esanguratsuak eman dituzte Dolmenen Ibilbidea proiekturako

Ubane Madera 2018ko aza. 22a, 12:05
Dolmemen Ibilbideari aurten egindako bisitetako bat, Gizaburuagako aztarnategian.

Aho batez onartu zituzten udal ordezkariek atzoko (eguaztena) ez ohiko osoko bilkuran aztertutako gai guztiak. Tartean, behin betiko onespena eman zioten Dolmenen Ibilbidearen hitzarmenari. Hain zuzen ere, gai horri aipamen berezia egin zion Iker Aldazabal alkateak, Dolmenen Ibilbideari dagokion proiektua lantzeko, gauzatzeko eta balorean ipintzeko 2018an eman dituzten aurrerapausoak azpimarratuta. Adibidez, jakinarazi zuen 131.641,71 euroko diru partida lortu dutela aurten.

Dolmenen Ibilbidea izan zen atzoko udalbatzarrean sakonen esplikatu zuten gaia. Proiektu horrekin lotuta Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko udalen arteko hitzarmenari behin betiko onespena eman ondoren, “Soraluzeko Udalarendako estrategikoa” den egitasmoan eman dituzten aurrerapausoak azpimarratu zituen Iker Aldazabal alkateak. Bi esparru nabarmendu zituen hark: ekonomikoa, batetik; eta egindako jarduera zuzenena, bestetik.

131.641,71 euro

Esparru ekonomikoari dagokionez, Aldazabalek gogora ekarri zuen 2018an dagoeneko 131.641,71 euro lortu dituztela diru laguntza bidez edo zuzeneko ekarpenak baliatuta. Eta diru partida hori erabiliko dutela Dolmenen Ibilbidearekin lotuta gauzatu nahi duten proiektua gorpuzten joateko eta ingurua balorean jartzeko.

Diru laguntzak

Diru partida hori, batetik, erakundeen diru laguntzen bitartez osatu da; kasu honetan, 110.641,72 euro jaso dira laguntzetatik, honelaxe banatuta:

  • Eusko Jaurlaritza-EREIN: 69.320,72 euro
  • Gipuzkoako Foru Aldundia- Kultura sailetik: 8.880 euro– Keixeta Egia Hegoko Dolmena berreraikitzeko.
  • Gipuzkoako Foru Aldundia- Turismo Sailetik: 5.000 euro– Hirukurutzetako Dolmenaren indusketa lanentzat.
  • Eta Eusko Jaurlaritza-Kultura (Hirukurutzetarako ere):  27.441euro

Ekarpenak

“Honi gehitu behar zaio udalerri bakoitzak egiten duen ekarpena onartu berri dugun hitzarmenaren baitan. Konkretuki  7.000 euroko ekarpena, beraz 21.000 euro gehiago. Ondorioz, 2018.urtean, 131.641,71 euroko zenbatekoa dugu proiektua bultzatu eta sustatzeko”, jakinarazi zuen alkateak.

Indusketak bukatuta

Zuzeneko jarduerei dagokienez, berriz, Iker Aldazabalek esplikatu zuen esparru horretan ere aurrerapauso esanguratsuak eman dituztela azken hilabeteotan, besteak beste, Hirukurutzetako Dolmenaren indusketa lanak bukatu dituzte eta azken txostenaren zain daude.

Zentzu horretan, Ramon Gallastegi zinegotziak esplikatu zuen indusketa horietan ez dela “gauza asko” azaldu: gezi bat, silex bat, ikatza… Eta besteak beste, ikatza aztertzera bidali dutela.

Jakinarazi zuten, baita ere, dolmenak zelakoak ziren erakusteko modelo birtuala egiteko lanak kontratatu dituztela. Dolmenak babesteko itxitura egitea ere bai. Eta besteak beste, seinaletikarekin lotutako elementuak ipiniko dituztela 2018an: panel interpretatiboak, totemak, balizak eta beste.

Karbono 14a

Horrekin batera, gogora ekarri zuten Gizaburuagako indusketetan azaldutako hezurrak Karbono 14arekin aztertu diutzela, haien datazioaren berri jakiteko. Eta Karbono 14aren emaitzen arabera, uste baino 1.000 urte zaharragoak direla; hala ere, Karbono 14a baino zehaztasun handiagoa duen laborategi batera bidalita daude hezurrok, datu hori ziurtatze aldera.

Lursail gehiago erosita

Bukatzeko, alkateak gogora ekarri zuen Udal Gobernuak hiru urte daramatzala Mendigainean lursailak erosten. Guztira, 80.183 metro karratu erosi ditu hiru urteotan, 8 hektarea lur; horretarako 28.865,06 euroko inbertsioa eginez.  Hala, bost lursail erosi ditu Udalak:


1.       Gizaburuaga deritzon hiru lur sail ( 33.464 metro karratu) 12.047,02 euro
2.       Idoia-Azkabeitiaburua ( 26.289 metro karratu) 9.464,04 euro
3.       Mando -Iturri ( 20.430 metro karratu) 7.354 euro