Atzo, eguena, ipini zuten Soraluze, Mugituz! ekimeneko kideek lasterketarako izena emateko mahaia Plaza Zaharrean, herritarrak bertatik bertara gonbidatzeko. Ordurako, baina, bazeuden 43 lagun lasterketan parte hartzeko gertu: Soraluzeko Mendi Taldekoak.
Animatzera ere bai
“Domekan egin behar genuen irteera bertan behera laga dugu, ze bi autobus bete joan behar ginen. Kontuan hartuta Kilometroak ere badirela, eta ikusita asko kanpora gindoazela, gure irteera bertan behera uztea erabaki dugu. Eta parte hartuko dugu Urban Trail-en”, kontatu du mendi taldeko Itziar Agirrek.
“Guk Andaina herrikoian parte hartuko dugu, baina lehen lasterketarako egin dugu hitzordua. Asmoa da lehen lasterketan animatzaile ibiltzea”, gaineratu du hark.
Mendi taldekoez aparte, bestelako 40 lagunek ere eman du dagoeneko domekarako izena. Edozelan ere, oraindik ere kirolprobak.com webgunean badago horretarako aukera. Eta egunean bertan ere eman daiteke izena, kontzejupean.
Gauzak horrela, eta herrian azkenaldian eskailerak igotzeko hainbaten artean sortu den “ohitura” ikusita, badirudi jendetsu datorrela domekako kirol proba, korrikalari zein ikusle aldetik.
Alejandro Rodriguez Memorialean, Iñaki Ruiz Mendi Lasterketan eta Marraskilo Tour ibilaldian moduan, domekan goizean goiz hasiko da sumatzen udalerrian dagoeneko etxeko egiten ari zaigun kirol-giroa.