19:30ak pasata zirela Zubi Nagusitik abiatu, eta 20:30-21:30ak bitartean 15 bat lagun ibili zen eskailerak igo eta aldapak jaisten, domekako lasterketari begira. Lasterketa ez ohikoa eta berria izanda, egon zitezkeen zalantzak argitzeko eman zuten zirkuituak probatzeko aukera, taldean.
Hala, Jokin Martinez eta Jose Luque, Soraluze, Mugituz! topaguneko eta Urban Trail lasterketako antolatzaileetako bi gidari zituztela, 15 lagunak bi taldetan banatu eta talderik jendetsuenak probatu zuen 6 kilometroko ibilbidea, Andaina-k duena, alegia; eta gainontzekoek probatu zuten 10,8 kilometrokoa.
Seinaleztatuta
Ibilbideak, gainera, dagoeneko seinaleztatuta daude, eta hori ere bertatik bertara ikusi ahal izan zuten: nondik igo, hurrengo eskailera tramua zein den eta beste. Oro har, gustura geratu ziren emaitzarekin, ze jakinda eskailerak igotzea gogorra badela, “uste baino hobeto” ikusi zuten euren burua domekara begira batek baino gehiagok.
Autobusak herritik kanpo
Bestalde, hain justu, domekara begira gogoan izan beharra dago Soraluze barruan zirkulazioa erabat etenda egongo dela kirol jarduera hori gauzatu bitartean: 09:30etik 13:00ak bitartean, alegia. Hori horrela, gogoan izan beharra dago autobusek geralekua izango dutela herriko bi sarrera-irteeretan.
Hau da, Bergaratik etorrita Carmelo Mendizabalenean, eta Eibarrerako noranzkoan, berriz, Mendiola Industrialdean. Mendarorako autobusa, berriz, Sagar Errekako geltokian hartu beharko da.