I. Soraluze Urban Trail lasterketan parte hartzeko izena kirolprobak.com web orrian eman beharra dago. 7 euro da lasterketa nagusian parte hartzeko ordaindu beharrekoa; eta 4 euro, berriz, Andaina herrikoian parte hartzeko ordaindu beharrekoa.
Egunean bertan
Edozein modutan, lasterketa egunean bertan ere eman ahalko da izena. Lasterketa nagusirako 08:00ak eta 08:45ak bitartean, kontzejupean. 30 dortsal gordeko dituzte horretarako. Hori bai, egunean bertan izena ematearen kostua 14 euro izango da.
Eta Andaina herrikoirako, berriz, izena eman ahalko da 08:00ak eta 10:15ak bitartean, kasu horretan ere udaletxe azpian, eta horretarako ere 30 dortsal gordeko dituzte. Lasterketa ez lehiakorrean, baina, ez da aldatuko ordaindu beharrekoa, eta egunean bertan izena ematen dutenek ere lau euro ordainduko dituzte.
180 kirolari
Lasterketa nagusian 750 eskailera baino gehiago igo beharko dira, eta asko jota 180 korrikalarirendako lekua izango da. Andaina herrikoian, berriz, 500 eskailera baino gehiago gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek eta hor ere 180 korrikalari da probaren gehienezko kopurua. Kasu honetan, baina, lasterketa ez lehiakorra izango da.
Bi kasuetan, hori bai, ibilbidea %100 herrigune barrutik izango da. Eta herriko eskailera mordoa zeharkatuko dituen ibilbideak irteera eta helmuga Zubi Nagusian izango ditu, herriaren ardatz nagusi den Deba ibaiaren albotik hainbat aldiz pasatu ondoren.
Ibilbidea
Ekimenaren antolatzaileek grabatutako bideoak erakusten duen moduan, lasterketa nagusiak zazpi eskailera-atal edo igoera-gune izango ditu.
Zubi Nagusitik abiatuta, kiroldegiko buelta eman eta ostera ere Gabolatseraino joan beharko dute korrikalariek. Han hasiko dira Soraluze Urban Trailen ezaugarri izango diren eskailerak igotzen, Gabolatsetik bidegorriraino doazen eskailerak, alegia.
Handik, berriz, Ezozibidera jo beharko dute, bidegorritik, eta Ezozibideko aldapa jaitsita, Gabolatseko zubi txikitik atzera ere kiroldegiko buelta egingo dute, Plaza Zaharrera iristeko.
Bigarren eta hirugarren igoerak
Izan ere, hango igogailu ondoko (Etxepeko) eskailera-atala izango da igo beharreko hurrengoa, Arraikuaraino.
Ostera ere kiroldegiko buelta eman ondoren iritsiko da hurrengo eskailera-atala: Erregetxekoa. Eta handik gora eginez, Estaziñora joango dira lasterkariak, noski, Etxaburuetako eskaileretatik.
Lau, bost eta sei
Atzera ere Ezozibiderako bidea hartu-Gaboltaseko zubia-kiroldegiko buelta egin eta hurrengo eskailera-atalera bideratuko dituzte korrikalariak, laugarren igoera gunera, alegia. Eliza ondoko eskailerak izango dira horiek, Estaziñoraino doazenak, Elizburu kalekoak. Baina, adi, eskolarako eskailera-atala ere igo beharko dute-eta.
Handik berriro ere kiroldegiko buelta egin ondoren, berriz, Santa Ana kalerantz joango dira kirolariak, Galipoteko eskaileretatik eliz atarira joan eta berriro ere eliza ondotik igotzeko, oraingo honetan, baina, Calonjeko eskailerak barne. Eta handik bidegorrirantz egingo dute, Olalderaino; izan ere, seigarren igoera gunea izango da Gipuzkoa Etorbideko plazarako eskailera-atala, Pascual Churruca lantegiaren parekoa.
Azken igoera gunea
Handik, berriz, Errekaldera segitu beharko dute, biribilguneraino, eta handik atzera ere Olaldera, eta hango aldapatik Santa Ana kalera joateko.
Hantxe aurkituko dute 7. igoera gunea: Institutura doazen eskailerak, eta gero Musika Eskola ondotik Calonjera doazenak. Igo beharreko azken eskailera tramua izango da hori. Izan ere, handik Ezozibidera eta kiroldegiko bueltara joan eta gero, Zubi Nagusian bukatuko da-eta I. Soraluze Urban Trail lasterketa.