Euskaraldiaren 'hamaikakoa' aurkeztu dute, Arianne Unamuno soraluzetarra tarteko dela

Ubane Madera 2018ko api. 19a, 15:59

Euskaraldiko 'hamaikakoa', atzoko aurkezpenean.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialaren Euskal Herriko lehen hamaikakoa aurkeztu zuten atzo, eguaztena, Bilbon, Itsas Museoan. “Pertsona erreferentzialek eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboek” osatzen dute hamaikako hori; genero, lurralde, adin eta alor desberdinetako pertsonen talde anitza da, eta tartean dago Arianne Unamuno Pil-pilean Euskaltzaleon Elkarteko koordinatzailea.

Euskaraldiaren hamaikakoa, izenak dioen moduan, hamaika laguneko taldea da, “modu pertsonalean eta borondatez ekimenean parte hartzea erabaki dutenak ahobizi zein belarriprest rolak erabilita”.

Inertziak astintzeko 

Ekimen horren enbaxadore papera beteko dute ere, eta hori horrela, herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute eurek. “Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula”, esplikatu dute Euskaraldiaren hamaikakoaren aurkezpen ekitaldiko prentsa oharrean.

Esanguratsuak

Arianne Unamuno Pil-pilean Euskaltzaleon Elkarteko koordinatzailea ere bada Euskaraldiaren enbaxadoreetako bat, beste hamar lagun esanguratsurekin batera: Alex Txikon alpinista, Dani Alvarez kazetaria, Pedro Miguel Etxenike fisikan doktorea, Toti Martinez de Lezea idazlea, Eneko Sagardoy aktorea, La Basu musikaria, Aretz Igiñiz errugbilaria, Cris Lizarraga musikaria, Mikel Arrasate Karrikaluze elkarteko kidea eta Zuriñe Gil Geu elkarteko kidea. 

Atzoko aurkezpen ekitaldian, hamaika lagun horiekin batera, honakoak ere izan ziren: Arrate Illaro, Euskatzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria eta Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako kidea. 

Udazkenean

Euskaraldia ariketa soziala, berriz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gauzatuko da bertan parte hartu nahi dutela adierazi duten eta adieraziko duten udalerrietan. Hain justu ere, askok dagoeneko izena emanda duten arren, oraindik ere bada horretarako aukera, herrien izen-ematea apirilaren 30era arte luzatu dute-eta. 

Bi rol

Parte-hartzaileek bi rol beteko dituzte: 

Ahobizi: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien pertsona da ahobizi, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten die (eta hauek ulertuz gero jarraituko dute euskaraz). 

Belarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarriprest, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke.

Hitzorduak

Datozen hilabeteotan Euskaraldiak izango dituen agenda-hitzorduak, berriz, honakoak izango dira: 

  • Udaltop topaketan Euskaraldia izango da langai, maiatzaren 17an eta 18an. Lehen egunean, aurtengo ekimenari dagozkion gaiak landuko dira. Bigarrenean, 2019ko ekimenari begira jarriko gara. Izen-ematea udaltop.eus webgunearen bitartez egin daiteke.
  • Martxan jarri diren batzordeen mintegiak izango dira datozen asteetan.
  • Gipuzkoa: apirilak 25, Martin Ugalde (Andoain), 18:00-20:30
  • Bizkaia: maiatzak 10, Landako gunea (Durango), 18:00-20:30
  • Nafarroa: maiatzak 12, Katakrak (Iruña), 10:30-13:00
  • Ipar Euskal Herria: ekainak 2, Etxe Handia (Luhuso), 9:30-12:00
Erlazionatuak

Euskaraldiari bidea eginez

Ubane Madera 2018 mar 02 Soraluze