Eguerdiko ordubatean hasi da Euskararen Eguneko ekitaldia. Sebasek, Garazik, Marijok eta Igorrek AhoBizi eta BelarriPrest figurak errepresentatu dituzte taula gainean, bakoitzak beteko duen funtzioaren berri emanez: “AhoBizia izango da aukera duen guztietan euskaraz egiteko borondatea izango duen herritarra; eta, BelarriPresta, hizkuntza ulertzeko gaitasuna izanda berari euskaraz egiteko eskatuko duena”.
Ostean, Euskarak 365 Egun taldeko bi kidek, Ariannek eta Mikelek, Euskaraldiaren nondik norakoen berri azaldu dute, galdera-erantzun laburren bitartez. Azaldu dutenez, Euskaraldia 2018ko udazkenean egingo da, hamaika egunetan zehar: azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitarte. Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrek AhoBizi edo BelarriPrest moduan identifikatzeko aukera izango dute, paparrean izendapen hori daraman txapa jantzita.
Ekitaldiaren amaieran, Ina Arriola musikariaren laguntzaz, gaiarekin lotura zuten hainbat kopla kantatu dituzte Bob Dylanen Is blowing in the wind doinuan. Bertaratutako herritarrek ondorengo errepika kantatu dute elkarrekin:
Hamaika egun euskaraz eta
ohitura berri ugari,
gure aukera badator lagun
heldu Euskaraldiari.
Elkarrekin talde argazkia atera eta kalejira eginez amaitu dute Euskararen Eguneko ekitaldia.
Batu Sutondora jardunaldiak
Abenduaren 16an Batu Sutondora jardunaldiak antolatu dituzte, ekimenaren xehetasunak landu eta herrian zela garatu daitekeen aztertzeko. Horrekin batera, urtean zehar ekimena zabaltzeko zeregina izango duen herritarren taldea ere osatu nahi dute. Jardunaldia antzokian egingo da, goizeko 10:30etik 12:30era bitartean, eta interesatuek Pil-pileanen eman ahal izango dute izena.