Euskaraldiari bidea eginez

Ubane Madera 2018ko mar. 2a, 16:18

Euskaraldia antolatzeko batzordearen bilera.

Soraluzeko hainbat eragilek eta herritarrek batzordea osatzeko lehen bilera egin dute, Soraluzen ere, Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena gauzatu dadin bidea lantzeko. Ekimen horrek proposatzen duena da 11 egunez euskaraz jardutea euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean da, hain justu ere, hitzordua. Hurrengo bilera martxoaren 22an izango da.

Elkartegiko mahaiaren bueltan bat egin zuten atzo hainbat soraluzetarrek Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena lantzen hasteko. Pil-pilean Euskara Elkartea eta Soraluzeko Udala motor dituela, batzordea osatu dute, datorren azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herriko udalerri askotan egingo den Euskaraldia ekimena Soraluzen ere egin dadin bidea lantzeko.

Soraluzetarrak saretzea

Lantaldea osatu da, baina lantalde horren helburua da soraluzetarrak, oro har, eta udalerriko elkarteak, eragileak, erakundeak, norbanakoak… ekimen horren bueltan saretzea datozen hilabeteotan. Horrez aparte, jakina, ateak zabalik ditu bertan parte hartu nahi duen edozeinentzat.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz Euskal Herri mailan garatzen ari den ekimena da. Proposatzen duena zera da: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten  dugun guztiok euskaraz aritzea ulertzen duten guztiekin eta euskaraz ulertzen dutenek elkarrizketa elebidunei edota euskarazkoei bide ematea. Eta ekimenaren helburua da gaur egungo inertzietan eragitea: “Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure eguneroko ohituretan eragin genezake”.

Bi rol izango dira

Euskaraldia herritarren artean gauzatzeko bi rol aurkeztu dituzte: Ahobizi eta BelarriprestAhobizi rola hartzen duenak honakoa beteko du: ulertzen duenari euskaraz egin, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egin.

Belarriprest izanez gero, berriz, euskaraz egiteko prestutasuna adieraziko du: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut-eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Soraluzen joan den abenduaren 3an aurkeztu zen Euskaraldia, Plaza Berrian egindako ekitaldi koloretsuan.