Abiatu da Pandemonium Raid karabana, elkartasunez gainezka

Ubane Madera / Oier Larreategi 2018ko mar. 9a, 15:17

Marokorako, basamorturako bidea hartu du goizean Eibartik abiatu den Pandemonium Raid karabana solidarioak. Lehenago, baina, Zubi Nagusian egin dute geldialdia baloiz, eguzkitako betaurrekoz, panpinez, arropaz… bete-beteta zeuden ibilgailu ikusgarriek.

Udaltzainek gidatuta, Mendiola industrialdetik sartu dira Soraluzerantz 25 urtetik gorako ibilgailuak, Fernando Garcia soraluzetarra karabanako parte zela. Zubi Nagusiraino iritsi eta hortxe geldialditxoa egin dute, ibilgailuak erakusgai, Soraluzeko Udalak karabana solidarioari egindako 500 euroko ekarpenari esker-ona erakutsiz.

Domekatik zapatura

Ikusmiran egon diren herritarrekin batera, Iker Aldazabal alkateak egin die harrera rallyko partaideei. Etafamilia argazkia atera ondoren, ibilgailuei irteera eman, eta basamorturako bidea hartu dute Pandemonium Raid-eko kideek.

Domekan Marokoko Atlasetik abiatuko da eta hurrengo zapatuan bukatuko da, hegoaldean. Lasterketa izanda, “irabazten ahaleginduko” direla dio Garciak, baina azpimarratu du ekimenaren helburua elkartasunean oinarritutakoa izateaz aparte, basamortuan nabigatzen irakastea dela. Egunean, batez beste 250-400 kilometro egingo dituzte, lurretik zein asfaltotik. Eta une oro joango dira GPS eta bestelako nabigazio sistemekin lagunduta, baita osasun arloko profesionalekin ere.