Barikuan, Ipuruatik irtengo da Pandemonium Raid karabana, 09:00etan; bertako eskola bat bisitatu ostean, Soraluzera etorriko dira, Mendiola industrialdetik sartuta.
Karabana koloretsua
Ikusgarria izango da karabana hori, 25 urtetik gorako 15 ibilgailuk osatutakoa da-eta: “Denetik dago, peugeot 206, Seat Panda, Citroen AX-a… 60 zaldi potentziatakoak, 25 urtetik gorakoak eta 1.2 CC dutenak”, esplikatu du Fernando Garciak, karabanan hirugarren urtez kopilotu bezala parte hartuko duen soraluzetarrak.
200-300 eguzkitako betaurreko
Antxon Garcia lobarekin doa bertara, hain justu ere; loba pilotu duela gidatuko duen Citroen AX-ean. Eta eramango duten materialaren artean, “60-70 baloi, jantzi mordoa, oinetakoak eta eguzkitako betaurrekoak” eramango dituzte. “200-300 betaurreko pare eramango ditugu, 2.000-3.000 euroko balioa dutenak. Beste 400-500 euro gailetatan eramango dugu Urkotronikek emanda, eta 10-12 bat kilo gozoki”, adierazi du Fernando Garciak.
300 kilo material
Ibilgailu guztien artean, 300 bat kilo material eramango dute Marokoko bizilagunen artean banatzeko. Haiek, jakina, esker onez hartu ohi dute elkartasun keinu hau, eta horrek indarra eta urtetik urtera ekimena errepikatzeko gogoa ematen die parte-hartzaileei: “Han Errege Mago sentitzen naiz, horren pozik hartzen dituzte guk eramandakoak…”, dio Garciak.
Txotx egingo dute
Bitxikeria moduan, bestalde, txotx ere egingo dute bertan, bestelako urte batzuetan moduan. “Ordiziako sagardotegi batean egiten dugu ekimenaren aurkezpena eta 20 kaxa sagardo pasa eman digu, bertara eramateko. Euskaldunak izanda, txotx egiten dugu bertan, keinu sinboliko modura. Izan ere, berez, han alkohola debekatuta dago eta gu bertako ohiturak errespetatzen ahalegintzen gara”.
Estatu mailako Raid-a da Pandemonium izeneko lasterketa. Parte hartuko duten gidarien artean, soraluzetarrekin batera, irundarrak, bilbotarrak, loiutarrak eta legazpiarrak ere badira; eta Estatutik, Almeriatik, Valladolidetik eta Madrildik ere bertaratuko dira.
250-400 bat kilometro egunero
Domekan Marokoko Atlasetik abiatuko da eta hurrengo zapatuan bukatuko da, hegoaldean. Lasterketa izanda, “irabazten ahaleginduko” direla dio Garciak, baina azpimarratu du ekimenaren helburua elkartasunean oinarritutakoa izateaz aparte, basamortuan nabigatzen irakastea dela. Egunean, batez beste 250-400 kilometro egingo dituzte, lurretik zein asfaltotik. Eta une oro joango dira GPS eta bestelako nabigazio sistemekin lagunduta, baita osasun arloko profesionalekin ere.
Dokumentala
Bestalde, aurten, ekimenaren gaineko dokumentala ere grabatuko dute, eta bi kameralariz lagunduta joango dira: Jairo Berdel eta Miguel Lopez. Soraluzera ere horrela etorriko dira, kameralariak aurretik. Dokumental horretan, eurek egiten dutenaz aparte, bestelako elkarte batzuen lana ere ikustaraztea da helburua, gaixotasun arraroekin diharduen AFESD elkartearena, adibidez.