Barikuan inauguratuko dute Estaziñoko parkea, Porrotx gonbidatu moduan ekarrita

Ubane Madera 2018ko urt. 30a, 09:55

Estazioko parkea ia bukatuta.

Zorua garbitzen, baranda apur bat margotzen… azken ukituak ematen dihardute gaur, martitzena, Estaziñoko parkeari; izan ere, barikuan 17:00etan inauguratuko dute berau. “Herriko haur eta guraso denak” gonbidatu dituzte inaugurazio festara; eta haiekin izango da, baita ere, gonbidatu ez-ohikoa: Porrotx pailazoa. 

Abenduaren erdialdean hasi ziren Estaziñoko parke zaharra desmuntatzen, berriari lekua egiteko. Eta hilabetekoz eraikitze eta muntatze lanak egiten ibili ondoren, oraingo barikuan inauguratuko dute. Soraluzeko Udalak iragarri duenez, inaugurazio ekitaldia 17:00etan egingo da, “festa txiki baten bitartez”. 

Meriendatxoa

“Bertan, udal ordezkariak, prozesua bideratu duen lan-taldeko kideak eta parkea berritzeko burutu den prozesuan parte hartu duten haur, nerabe eta gurasoek hartuko dute parte. Porrotx pailazoa ere bertan izango da, antolatzaileek egin dioten gonbidapenari baiezkoa eman ondoren. Bertaratzen direnek meriendatxoa hartzeko aukera ere izango dute”, iragarri dute.

Ia urtebeteko prozesuaren emaitza da Estaziñoko parke berria. "Jolasan estaziñua" izenarekin, parte-hartze prozesua abiarazi zen, Estaziñoko parkea zaharberritzeko helburuarekin.

Hori horrela, haurren eta gurasoen iritzi eta ekarpenak bideratzeko batzarrak egin zituzten, eta baita ere, “parke eredu ezberdinen eta parkeek haurren heziketan duten garrantziaren gaineko hausnarketa”.

Beraz, hasieratik da berezia Estaziñoko parkea. Horregatik, eta baita ere dituen elementu ez-ohikoengatik: “elementu naturalek (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturek garrantzia berezia dute, haurren irudimenari bide ematen dion jolas-eredu berria sustatzeko helburuarekin”, azpimarratu dute Soraluzeko Udaletik.

Eraikitzen ikusi

Eta gainera, dagoen kokalekuan egotearren, elementuok eta parkea bera zela eraiki duten ikusteko aukera izan dute haurrek eta guraso askok; izan ere, parkearen elementu asko, egurra bertara ekarri eta bertan eraiki dituzte, parkearen berezitasuna handituz.

Estaziñoko parkea Azpeitiako Kimu Bat enpresak eraiki du , 42.618,62 euroko aurrekontuarekin.