Zirkuitu estilora antolatuta, bi eremu izango dituen parke-proiektua aurkeztu zuten atzo udal ordezkariek: eskolara begira, eskumako aldera dagoen zatia eremu aktiboa izango litzateke, eta ezkerrekoa eremu lasaia.
Bi txirrista
Eremu aktibotik hasita, gaur egun zentroan dauden jolas-moduluak kentzea da asmoa, espazioa hobeto aprobetxatzeko. Eta, parkearen bueltan ezartzea jolas berriak. Oreka jolasetan oinarritutakoak izango lirateke, eta enborrak, sarea, ezkutalekuak eta sokadun eskailerak ipintzea proposatzen dute; baita bi txirrista ere, bata estua eta bestea zabala.
Zentroko espazioa, berriz, libre laga nahi dute, bilgune modura erabiltzeko, eta haren bueltan kokatuko dituzte jarlekuak. Parkearen zoruari dagokionez, erdigunea belar artifizialezkoa izango da, azpian kautxua izango duena, biguna izan dadin. Eta jolasetan, berriz, egur birrindua, pinu oskolarekin egindakoa eta antzerako materialak dituzten zoruak ezarriko dituzte.
Hondar-gunea
Eremu lasaiagoari dagokionez, berriz, sinpleagoa izango da. Espazio horrek ere oreka jolasen bat zein beste izango du hasierako partean, eta espazioa zabaltzen den eremuan, hondar-gunea ipintzea proposatzen da. Era berean, gune horretan dagoen hormigoizko pareta landarez estaltzeko aukera mahai gaineratu dute, ingurua gozatzeko.
Ekarpenak batzen
Hau guztiau Azpeitiko Kimu Bat enpresak Soraluzeko Udalari egindako proposamena da. Baina ez da behin betiko proposamena. Ekarpenak jasotzeko fasean egon da orain arte egitasmoa, beraz, baliteke aldaketaren bat zein beste egitea proiektuari, jasotako ekarpenak aintzat hartuta.
Parte-hartze prozesua, Kukumixorekin
Izan ere, Estaziñoan zelako parke berria nahi den erabakitzeko parte-hartze prozesua baliatu du Soraluzeko Udalak. Kukumixok gidatutatako 14 saio egin eta horietatik ideia mordoxka jaso ondoren, gehien aipatutakoak Azpeitiko Kimu Bat enpresari helarazi zizkion; eta orain, Kimu Bat enpresak landutako proiektua da herritarrekin eta eragileekin partekatzen diharduena
Gurasoen kezkak
Atzoko batzarrean azaleratutako kezken artean, adibidez, belar artifizialaren drainatzea egokia izango ote den galdetu zuten gurasoek; hondar-gunearekiko kezka ere partekatu zuten, haren mantenuaren gainekoa, hain justu; eta besteak beste, tirolina jartzeko, parkea estaltzeko zein eskolatik parkerainoko maldan txirrista jartzeko aukeren gainean galdetu zuten.
Tirolina ezinezkoa
Azken hiru aukera horiei buruz, udal ordezkariek jakinarazi zuten tirolina bertan jartzea ez dela posible, eskatzen duen segurtasun eremuarengatik; estalkia, berriz, aurrekontutik kanpo geratzen dela esplikatu zuten, eta txirrista maldan jartzea oso zaila eta garestia dela, maldak berak duen aldapa handiarengatik.
Bestalde, gurasoek jakinarazi zuten parke horretan gaur egun ez dagoela argiztapenik, farolak apurtuta daudelako. Udal ordezkariek azpimarratu zuten aztertuko dutela puntu hori.
Urte amaiera-hasierarako
Dena ondo bidean, ekarpen fasea bukatu, obrak adjudikatu eta hiruzpalau astean egingo dituzte parkea berritzeko lanak; asmoa da urte amaierarako edo urtarril erdialderako parke berria izatea Estaziñoan. 35.000 euroko inbertsioa egingo du Soraluzeko Udalak.