Berritzailea edo sikiera, ezohikoa izango da Estaziñoan eraikiko duten parke berria. Ingurumenarekiko errespetua aintzat hartu, eta egurra eta antzeko materialak baliatuta, parke berriari zirkuitu itxura emango diote. Hori horrela, bueltan bueltan izango ditu umeendako jolasak, eta erdiguneko esparruan, berriz, ipiniko dituzte jarlekuak, justu orain arteko parkearen egituraren kontrara.
Zirkuitu itxurakoa
Txirrista handia, gora eta behera ibiltzeko eskailerak, tuneltxoak, tipi itxurako gordelekuak… izango ditu parke berriak, goiko ilustrazioko elementuen antzerakoak. Hori guztia orain arte ziburu-zaburuak izan dituen leku berean ipiniko dute.
Baina, bertan dagoen espazio osoa aprobetxatu, eta parkeak jarraipena izango du, baita autobus geltoki aldera duen esparruan ere. Hau da, eskolarako eskaileretatik ezkerreko aldera begiratuta dagoen esparruan. Hain zuzen ere, zabalgune horretan hareatza ipiniko dute, hondarrarekin jolasteko gunea, alegia.
Oro har, Andoni Iñurritegik, Hezkuntza Proiektuko dinamizatzaileak azpimarratutako moduan, irudimena lantzen lagunduko duen parke mota izango da, erabilera anitza izango duena.
Parte-hartze prozesua
42.618,62 euroko (BEZ barne) inbertsioa egingo du Udalak parke berria eraikitzeko. Eta parke berria eraikitzeaz aparte, esparruan apurtuta dauden farolak berritu eta halako lau ipiniko ditu.
Herritarren parte-hartzearekin garatutako proiektua da Estaziñoko parke berria. Apirilean hasi ziren berau lantzen, eta hainbat batzar egin dituzte herriko eragileek (eskolak, gurasoek, umeek…) udal ordezkariekin. Hezkuntza Proiektuaren baitan garatu da.
Hain zuzen ere, ildo horretan, Udaleko Haurren eta Gazteen Batzordetik modu positiboan baloratu dute landutako prozesua eta eskerrak eman nahi dute bertan parte hartu duten pertsona guztiek egindako ekarpenengatik. Batzordeko arduradun Patricia Borinagak esandako moduan "parke eredu ezberdina eman du emaitza moduan prozesuak, orain artean zeudenetatik oso bestelakoa, elementu naturalei (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturei garrantzia berezia emanez".