Futbolari gazteek Soraluze "hartuko" dute bihar, zapatua

Ubane Madera 2017ko abe. 29a, 09:00
Sorako hainbat jokalari iazko eskolartekoaren sari banaketan.

350 bat fubolari gaztek eta haien entrenatzaileek, koordinatzaileek eta hainbat gurasok Soraluze bisitatuko dute bihar, zapatua, Soraluze Futbol Taldeko eskolak bigarren urtez antolatu duen Oinarrizko Futbol Eskolen II. Txapelketaren baitan. 

Lau mailatan banatuta, 24 futbol-talde bertaratuko dira; 2006-2009 urteetan jaiotako neska-mutikoak dira guztiak ere, 1. eta 2. urteko benjaminak eta 1. eta 2. urteko alebinak. Besteak beste, Donostialdetik, Deba eskualde ingurutik eta Bizkaiatik etorriko dira futbolariak.

Etxeko 50 bat jokalari

Etxekoei dagokienez, Sorako 50 bat mutikok parte hartuko dute txapelketan, Sorako futbol eskolako lau taldek, alegia.

Futbolari guztiak 09:00etan elkartuko dira Ezoziko Futbol Zelaian. Eta bi taldetan banatuta, ligaxkak jokatuko dituzte. Goiz parteko partiduak sailkapenerako baliagarriak izango dira, eta arratsaldean kanporaketak jokatuko dituzte.

Goizez eta arratsaldez

09:30ean hasiko dira partiduak, eta eguerdian etena egingo dute bazkaltzeko. Hain zuzen ere, bi autobus ibiliko dira mutikoak futbol zelaitik jaisten eta igotzen. Bazkariko lehen txanda 12:30ak inguruan izango da; ze mutikoek txandaka bazkalduko dute, guztiek partiduak jokatu ahal izateko eta 14:30ean kanporaketekin hasi ahal izateko.

Sorako futbol-eskolaren asmoa da 19:00ak ingururako partidu guztiak bukatzea, eta ondoren sari banaketa egitea kiroldegian. Horrekin borobilduko dute eguna.

"Helburua: umeek ondo pasatzea"

Iaz antolatu zuen lehen aldiz Sorako futbol-eskolak Gabonetako eskolarteko txapelketa; antolaketari dagokionez zein ekonomikoki ahalegin handia eskatzen die ekimenak, baina iazko esperientzia ikusita, errepikatzea erabaki dute. “Iaz demaseko jendetza elkartu zen. Giro polita sortu zen herrian eta Soran, eta umeek eta gurasoek ondo pasatu zuten. Azken batean hori da helburua: umeek ondo pasatzea. Hori bai, eskerrak eman nahi dizkiegu ekimena gauzatzeko laguntza ematen diguten enpresei eta erakundeei. Eta gurasoei mezu bat helarazi nahiko genieke: kontuan har dezatela ekimenaren antolatzaileak ez garela profesionalak, gurasoak, baizik”.