Azken asteotan lapurreten gaia bihurtu da herriko kezka nagusienetako bat. Uda ostean piztu zen kezka, erdialdeko taberna eta komertzioetan gauez eta modu jarraian gertatu ziren lapurretak zirela-eta. Kezka horren adierazgarri izan ziren Bizikaleko merkatariek herritarren artean batu zituzten 1250 sinadurak. Udalak sinadurak Ertzantzari helarazi eta Ertzantzak bere presentzia handitu zuen, baina harrezkero lapurreta gehiago gertatu dira. Bestalde, lapurretak etxebizitzetan gertatu izanak are eta gehiago kezkatu ditu herritar asko. Azkenenego lapurreta urtarrilaren 13an gertatu zen Santa Ana kalean eta bestetan bezala, urrezko objetuak eta bitxiak ohostu zituzten.
Lasaitasunerako deia
Guk zenbait aditurekin hitz egin dugu gaiaz eta denek lasai egoteko mezua helarazi nahi izan diete herritarrei. Guztiek azpimarratu dute datuek diotena eta piztu den alarma sozialaren neurria ez datozela bat. Ertzantzak eta Udaltzaingoak egingo duten lanarekin batera, herritarrei euren esku dauden neurriak
hartzeko gomendioa egin diete, zentzunez eta alarmarik sortu gabe. Bestalde, hainbat herritarrek sare sozialetan etorkinen aurkako komentario iraingarri eta xenofoboak egin dituzte eta aditu zein arduradun politiko guztiek adierazi dute komentario eta jarrera horiek lekuz kanpo daudela.
Lapurretena, arazo sozial guztiak bezala, mila ertz dituen gaia da, konplexua eta delikatua. Iraganean bezala etorkizunean ere kezka iturri izango da, baina behar baino gehiago kezkatzeak ez dio inori onik egiten.
DATUAK
Delitu larrien kopurua Deba-Urola barrutiko herrietan (2015)
Antzuola 11
Aramaio 3
Aretxabaleta 25
Arrasate 89
Bergara 63
Elgeta 15
Eskoriatza 15
Ezkio Itxaso 12
Legazpi 31
Gatzaga 1
Oñati 33
Soraluze 21
Urretxu 47
Zumarraga 70
Delitu larrien kopurua Soraluzen (2015)
Hilketak 0
Askatasun sexualaren aurkako delitu larriak 0
Etxeko / genero indarkeria 1
Indarkeriadun lapurretak / izua eraginda 1
Delituen tasa x 1.000 biztanle (2015)
Debagoiena-Urola 26,77
Gipuzkoa 32,89
EAE 39,29
Oharra: Soraluze Debagoiena-Urola barrutian dago.
Iturria: Ertzantza.