Zein balorazio egiten duzue azkenengo asteotan Soraluzen gertatu den lapurreta olatuaren inguruan?
Azkenengo asteotan Soraluzen gertatu dena ezin da lapurreta olatutzat hartu, baina onartu behar dugu herritarren artean alarma piztu duela. Sare sozialek asko laguntzen dute horretan, ustezko delitugileen presentziaren berri ematen duten informazio faltsuek esaterako.
Datuen arabera, Soraluzeko segurtasun erreala beste leku askotakoa baino hobea da. Eta Soraluzeko zein Debagoiena-Urolako ertzain-etxeari dagokion eremuan, delinkuentzia indizeak Gipuzkoako lurraldeko bajuenak dira. Hala ere, prebentzio planak hobetzeko lanean jarraitzen dugu.
Soraluzeko datuek zer diote?
Irailetik urtarrilera etxebizitzetan 4 lapurreta zenbatu ditugu eta 2015eko urte osoan zehar, 6. Leku itxietan 3, saltokietan 2 eta gazte lokaletan 1 eta urte osoan guztira 11. Enpresetako lapurretei dagokionez, 2 lapurreta izan dira urte guztian. Datu objektiboak berez ez dira kezkagarriak, baina bai herritarrengan sortutako segurtasun faltaren sentsazioa.
1250 Herritarren sinadura batu ziren herrian Ertzantzari presentzia areagotu zezala eskatuz. Eskaera horri erantzun diozue?
Dagoeneko presentzia areagotu da baina etorkizunean gehiago aregotzeko plan bat lantzen dihardugu barruti osoari begira. Horrekin batera, lapurrak izan daitezkeen pertsonak identifikatzeko lanetan Soraluzeko Udaltzaingoarekin koordinazioa areagotu dugu. Eta udalarekin, segurtasunaren inguruko hitzaldi informatibo bat prestatzen dihardugu, bizilagun eta dendariei zuzenduta.
Soraluzeko lapurreten kasuan atxiloturik izan da?
Oraindik ez. Martxan dauden ikerketen eta batutako arrastoen analisi eta emaitzen zain gaude. Bere denbora behar badu ere, arrasto hauek eta kasu batzuetan DNA azterketek lapurreten egileak identifikatzeko balio izaten dute, pentsa daitekeena baino gehiagotan.
Zein da Ertzaintzak halako kasuetan jarraitzen duen prozedura?
Lapurreta gertatzen ari denaren abisua jasotakoan, ahalik eta lasterren bertaratzen gara, delitua eragozteko, balizko biktimak laguntzeko edo lapurrak atxilotu ahal izateko.
Abisua behin lapurreta gertatu denean jasotzen badugu, dagokion begizko ikuskapena egitera bertaratzen gara. Posible bada, ahalik eta arrasto gehien biltzen ditugu; baita gertakariaren ikerketa eta egileak identifikatzeko lagundu dezaketen datu guztiak ere.
Lapurreten egiletza etorkinei egoztearen inguruan zein iritzi duzu?
Jendeak jakin behar luke hemen gertatzen diren lapurreten gehiengo handi bat “bertako jendea” deitzen dugunak egindakoak direla. Gertatzen dena da, etorkinen bat tartean dagoenean fokoa hor jartzeko joera dagoela.
Zein mezu helarazi nahiko zeniokete herritarrei?
Segurtasunaren ardura nagusia gurea da baina, era berean, herritar bakoitzak ere bere ardurak bete behar ditu. Jendeari alarmak jartzeko gomendioa egiteak erreparo pixkat ematen digu guri ere baina segurtasun neurri arruntenak betetzea beharrezkoa da, arriskua gutxitzen duelako. Lapurreta txikiak egiten dituztenek sartzeko errazenak diren etxebizitza, garaje eta saltokiak aukeratzen dituzte. Horrekin batera, salaketa jartzea eta ahalik eta lasterren Ertzantza edo Udaltzaingoa ohartaraztea beharrezkoa da.