Zer balorazio egiten du udalak lapurreten gaiaren inguruan?
Bereziki kezkatzen gaituen gaia da. Eta zehazki, azken bolada honetan etxebizitzetan ematen ari diren lapurretak. Herritarren artean inseguritate giroa sortzen ari da eta buru-belarri gabiltza egoera honi buelta eman nahian.
Zein neurri hartu dira orain artean?
Lehenengo momentutik Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Udalaren artean komunikazio eta koordinazioa bideak zabalik izan dira eta behin baino gehiagotan eskatu dugu Ertzantzaren presentzia areagotzeko. Eskaera hau indartzeko Bizikalek batu zituen 1257 sinadurak aurkeztu genituen. Herritarrei segurtasuna bermatzeko euren esku egon daitezkeen aholku batzuk jakinarazi dizkiegu eta euren kolaborazioa ere eskatu dugu kasu hauek salatzeko.
Herritar askok gauez zaintza areagotu behar litzatekeela adierazi dute.
Bai entzun ditugu horrelako komentarioak ere. Azken lapurretak arratsaldez izan dira. Udaltzaingoa eta Ertzantza dagoen orduetan, ez da erraza ordea lapurrak detektatzea eta atxilotzea, baina esfortzu guztiak horretara zuzenduta dauzkagu.
Sare sozialetan mezu xenofoboak ere irakurri ahal izan ditugu, errua etorkinena dela eta abar… zein iritzi duzu horretaz?
Oso diskurtso arriskutsua dela pentsatzen dut. Udalaren aldetik pentsatzen dugu errotik moztu behar direla halako adierazpenak, ze etorri zaizkigu zenbait etorkin beraien kezka azalduz eta egoeraren larritasunaren jabe direla adieraziz.
Etorkizunean zer neurri hartu daiteke?
Aurretik aipatutako neurriez gain, otsailaren hasieran hitzaldi bat ere ematea nahi dugu herritarrak informatuta egon daitezen hartu diren neurriez eta hartu behar diren segurtasun neurriez.
Udalak zein mezu helarazi nahiko lieke herritarrei?
Ez da erraza lasaitasun mezu bat helaraztea herritarrei pairatzen dihardugun lapurreta bolada honetan, baina herritarrei beraien kolaborazioa eskatzen diegu, guztion artean lapurreta kasu hauek eragozteko.