'Taupa' euskaltzaleen mugimendua aurkeztu dute Bilbon

Euskaltzaleen Topaguneak izena aldatu du eta Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izango da hemendik aurrera. Euskal Herri osoko euskaltzaleak "saretuko" ditu, egiteko eta antolatzeko modu berriak erabiliz eta aktibismoaren gaur egungo joerak aintzat hartuta.

Zapatuan Bilboko Kafe Antzokian egin zuten ekitaldian Euskaltzaleen Topaguneak izena ez ezik izana ere aldatu duela jakinarazi zuten. "Ausartu gara garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera", azaldu du Taupako koordinatzaile orokor Jasone Mendizabalek. Euskal Herri osoko euskaltzaleak «saretzeko» asmoz eratu dute mugimendua, eta egiteko eta antolatzeko modu berriei eman nahi diete bidea, aktibismoaren egungo joerak aintzakotzat hartuta.

Aktibatzeko modu berriak

Taupako aktibazio arduradun Jon Zapatak aldaketaren gako nagusiak eman ditu. "Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera". Hain justu ere, elkarteen elkarte izan da urte askoan Topagunea. Orain ere herri eta hirietako euskara elkarteek jarraituko dute izaten mugimenduaren "muina", baina elkarteetan antolatuta egon gabe ere mugimenduan parte hartu nahi duten euskaltzaleei horretarako bideak zabaldu nahi dizkiete.

Aldaketa horrek izan dezakeen indarra nabarmendu du Taupako lehendakari Irati Iziarrek. "Honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker iritsi gara. Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira? Elkarren berri izango balute? Elkarrekin ahalduntzeko eta aktibatzeko modu berriak izango balituzte? Eta zer gertatuko litzateke, gainera, herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sinetsiko balute?".

Ez da asmo hutsa. Parte hartzeko bideak ja martxan dira; taupamugimendua.eus webgunean horretarako modu askotarikoak eskainiko zaizkie euskaltzaleei. Bakoitzak «aukeratzen» duen eran parte hartzea da helburua, "nahi duena" ematea mugimendu horri. "Segur aski, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, aktibismoa horrelakoa baita bizitzarekin uztartzen dugunean: aldakorra", azaldu du Zapatak.  Ate gehiago irekitzea da asmoa. "Gure hipotesia da irismen handiagoa lor dezakegula herritarrak aktibatzeko eta saretzeko aukera gehiago eskainiz".

Euskaraldia

Mugimendua indartzeko bidean, orain Euskaraldian jarri nahi dute begirada. Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurten. Milaka herritar "aktibatzen" dituen ariketa soziala dela gogoratu dute, eta horixe baliatuta euskaltzaleen arteko saretzea trinkotzeko aparteko ahalegina egin behar dela. "Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira noizbait ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; hamarretik bat euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?".

Bide horretan, Topaguneak aurrez adierazi izan duen xedean sakondu nahi du Taupak ere: euskaltzaletasuna «zabaldu» egin nahi du. Iziarrek nabarmendu du horren garrantzia. "Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, egiteko modu berriak probatzeko". Bide horretan, "aniztasunak eta gizarte kohesioak" zedarritutako bideetan ibiltzeak duen garrantziaz ohartarazi du Zapatak, eta horretarako baliabideak jarri behar direla esan du. "Hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea egiteko estrategikoa da".

Taupak bere jarduna bestelako mugimendu sozialen «intersekzioan» ulertzen duela gogoratu du Iziarrek. "Gurean ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskararik gabe, eta euskarak ez baitu etorkizunik izango eraldaketa sozialik gabe".

Oharra: Artikulu hau osatzeko Arantxa Iraolak Berria.eus-en kaleratutako kronika baliatu dugu: Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du: Taupa.