Presen auzia

Erreferenduma: guk zergatik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia 2023ko aza. 26a, 10:50

Merlin proiektuak Soraluzeko 4 presa apurtu nahi zituela eta, ia urtebete pasa da 634 lagunek erreferenduma eskatu genuenetik.

Azken hamar urteetan hainbat herri galdeketa egin dira Euskadin, Udalek antotatuta, horietako bat Soraluzen bertan.

Eta oraingo honetan, guk zergatik ez?

Azken hamar urteetan (2013-2022) antolatutako herri galdeketak:

  • (2013). Karrantza. Zezenketak jaietan
  • (2013). Igeldo. Udalerria izateko (Aldundiak antolatu zuen)
  • (2014). Deba. Itziar eta inguruko auzunei "autonomia" emateko.
  • (2015). Bergara. Hondakinak biltzeko sistema.
  • (2016). Aretxabaleta. Hondakinak biltzeko sistema.
  • (2017). Laudio. Herriko jaien data.
  • (2017). Basauri. San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe hirigintza proiektua.
  • (2019). Soraluze. Bus geltokiaren kokapena.
  • (2020). Gorliz. Bigantxak jaietan.
  • (2021). Durango. PERI 1 Trenbidea hirigintza proiektua gelditzeko.
  • (2022). Astigarraga. Sagardoetxearen etorkizuna.
  • (2022). Barakaldo. Banderaren diseinua.
  • (2022). Galdakao. Usansoloren independentzia.

Tartean baziren galdeketa lotesleak eta ez lotesleak, gutxieneko partaidetza eskatzen zutenak… Herri bakoitzak bere erara diseinatu zuen bere galdeketa.

Baina, gaien maila desberdina izanda ere, herri bakoitzeko garrantzitsuak ziren. Eta gurean 634 lagunek uste dugu Merlin proiektuaren eragina atzeraezinezkoa izan daitekeela Soraluzerentzat. Horregatik erreferenduma eskatu genion Udalari, modu ofizialean, eta gaia Plaentxia.eus-en zabaldu ere (Lehen Berlin eta Paris, orain Soraluze  /  Soraluzetar baten iritzia).

Legeak babesten du eskaera: 2/2016 LEGEAk, apirilaren 7koak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak, "Herritarren partaidetzarako tresnak" izeneko laugarren atalean, babestu egiten du herritarrek toki-mailako garrantzi bereziko erabaki publikoei buruz kontsultatuak izateko duten eskubidea. Eta gure presen gaiak garrantzi hori du.

Gaia estratejikoa da Soraluzerentzat, eta soraluzetarrok erabaki behar dugu.

Amaitzeko, Soraluzeko Udalari eta Gobernu Taldeari eskatzen diogu atzeraezinezko erabakirik ez hartzeko herri osoa@ kontsultatu barik.

ERREFERENDUMA!