Lehen Berlin eta Paris, orain Soraluze

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia 2023ko api. 16a, 12:42

Martxotik eta apirilerako tartean, Berlinen eta Parisen erreferendum bana antolatu dute bertako udalek, udal gaiei buruz hiritarren iritzia jasotzeko. Erabaki demokratikoak hartzeko modu egokia, Soraluzen ere erabiltzeko modukoa. Eta Berlinen zein Parisen proposamena Udaletik sortu baldin bada, azpimarratzeko modukoa da gure herrian 634 lagunek (hautesle erroldako %20 pasatxo) eskatu dutela. 

 

Hiri handietan herri-galdeketak antolatzea korapilotsua izango da, baina Soraluzen erraz eta aguro antolatu daitekeen gauza da, maiatzak 28ko hauteskundeekin batera… borondaterik balego!

Eta, emaitzak emaitza, erreferendumak herritarrengan eragin sakon bat izango du, erabakimena legitimizatzea, erakundeekiko konfiantza, gardentasuna… sendotuz; are gehiago, Soraluzeko gure politikoek garai baten agindutako promesak bete egiten direla ikustean.

Astebete baten barruan, martxoaren 26an eta apirilaren 2an, Berlin eta Paris europar hirietan erreferendum esanguratsuak burutu ziren. Lehenengoa, Berlinen zeukaten klima neutraltasuna lortzeko helburua aurreratu eta 2030ean lortzeari buruzkoa izan zen herri-kontsulta. Egun gutxi barru, bigarrena, Parisko kaleetan zehar alogerako patinete-elektrikoak erabiltzeari buruzkoa.

Gauza jakiña da gure ibaiko presak eraisteko proposamen garrantzitsuak Soraluzen eztabaidak eragin dituela. Horri begira, goiko lerroetan aipatu diren arazo hain ezberdin eta konplexuei aurre egitekotan, Berlin eta Paris hirietako agintarien jarrera demokratiko ausarta ikusirik, gure herriko agintariek ere kultura demokratikoaren jarduna erabili beharko luketela nabarmentzen da. Aldi berean, europear hiri horietako adibideek bistaratzen dute: eztabaidagaia konplexua izatetik kanpo, erabakitzeko herri-deialdi bat burutzeko premiari dagokionez, auziak herritarrengan sortutako kezkak eta ardurak eragingo lukete erreferenduma.

Soraluzeko presen gaineko auzian, aurrez aurre diren jarrerak argi ikusi daitezke. Auzi honetan ere, erabaki demokratikoa hartzeko modu egokia, europar hiri horietan erabili da, erreferenduma baliatu baitute.

Gainera, Soraluzekin alderatuz, hiriburu horiek askoz ere jendetsuagoak direnez, erreferenduma antolatzeko eta gauzatzeko askoz ere zailtasun gehiago dituzte. Beraz, kontutan hartzekoa da: gure herrian askoz ere errazago burutu daiteke ekimen hori.

Soraluzeko Udalak kontutan hartu beharra dauka, herritar kopuru esanguratsuak espreski siñatu duela, izen-abizenez, erreferenduma egiteko eskaria. Soraluzen, horrelako eskabidea oraingo honetan egin da lehenengoz. Autobus-geltokia non kokatu behar zen erabakitzeko herri-kontsulta 2019ko otsailean burutu zen. Herritik sortutako eskaria barik, Gobernu-batzordearen ekimena izan zela jakiñik, zer dela eta ez da oraingoan bide bera jarraitzen? Datorren maiatzaren 28an, hauteskundeekin batera, aproposa litzateke erreferenduma.

Erreferenduma ez da besterik herritarrek beren eritzia eta borondatea azaltzeko tresna bat baino. Erabaki garrantzitsuetan herritarrak aintzakotzat hartzerakoan, gizarte osasuntsu baten erakusgarri dan parte-hartze zuzena bermatzen da eta bide ematen zaie: demokraziari, gardentasunari, hartutako erabakien legimitateari, erakundeekiko konfidantza sendotzeari; eta horrez gain, Soraluzeko gure politikoek garai baten agindutako promesak bete egiten dira.