GDi-k Deba ibaiari buruzko ikuspuntua hiru lerrotan laburbildu nahi genuke:
- Etorkizunari begira, ibaia oso balio garrantzitsua da herriarentzat. Prozesu parte-hartzaile honek aukera asko azaleratu ditu, orain arte ikusten ez genituenak. Eta prozesua bera balia beharko dugu aukera hauek martxan jartzeko. Soraluzeko lau presak etorkizunerako palanka gisa irudikatzen ditugu.
- URAren uholde-plan berri baten beharra. Uholde-arriskua gai larria da eta URAren egungo proiektua ez da egokia: datu sinesgaitzak erabiltzen ditu, ez ditu funtsezko alderdiak kontuan hartzen eta kontraesanak ditu. Soraluzek uholdeen aurkako plan berri bat merezi/behar du, serioa, autonomoa eta gure errealitatearekin bat datorrena, eta Merlin moduko interes arrotzen mende ez dagoena.
- Merlin proiektuari EZETZ esatea behin-betiko. Kanpoko interesek ekarri zuten, ez die Soraluzeko beharrei erantzuten, eta ezkutuan garatzen ari da. Herriari ezer onik ez ekartzeaz gain, zarata besterik ez du sortu eta Deba ibaiko paisaia eta presak prozesua oztopatzen ari da. Soraluzeren aldetik bertan behera laga beharko genuke.
Azken batean, gai honetan ordena jarri behar dela uste dugu, eta Deba ibairako plan bat diseinatu, gure erritmoan, gure errealitatearekin bat eta bideragarria.
Udalarekiko elkarlanerako prest gaude, ekarpenak egin eta laguntzeko, Soraluzeri onena ekarri ahal izateko.
Eta gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, hau da, Merlini ezetz esatea ala onartzea (zatika edo osorik), gure ustez erreferenduma da erabakia hartzeko tresnarik onena.