Presen auzia

GDi-ren saioaren ostean (2tik 1): Erantzuten

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia 2023ko aza. 24a, 00:57

Iturria: Plaentxia.eus.

Martitzenean, Deba ibaiko paisaia eta presak prozesua partehartzailearen hirugarren saioa egin zen. Helburu nagusia azken 20 hilabetetan jasotako informazioa ematea zen, eta uste dugu bete zela.

Ondoren, galdera batzuk izan ziren, batzuk informazioa argitzeko eskatzen eta beste batzuk, berriz, aipatutako puntuetako bati buruz iritziak emateko eta gurea eskatzeko.

Planteatutako helburua kontuan hartuta (informazioa ematea), ez zen momentua puntu hauei buruzko gure iritzia emateko. Orain, ordea, bai.

Deba ibaiari buruzko gure ikuspuntua ezagutzeko, sakatu hemen

Parte-hartzaile batek esan zuen berak ere informazio asko bildu zuela. Txalogarria deritzogu, eta bildutakoa gainerako informazioarekin bat egin beharko lukeela uste dugu, gai honen irudi osoagoa izateko.

Beste batek galdetu zuen ea ez ote zitzaigun ondo iruditzen presak jaistea uholde-arriskua arintzeko. Uste dugu uholdearena gai serioa dela, eta horregatik puntu kritikoak lehenetsi behar dira, teknikarien arabera oztopo handienak direnak: zubiak eta, batez ere, Zubi Nagusia.

Gero, beste batek adierazi zuen ibaiko zikinkeriaren arazoa (plastikoak, zaborrak...) kontsumismoaren ondorioa dela. Ados. Eta, zer egingo dugu Soraluzen arazoaren jatorria konpondu artean? Ondorio kaltegarriak ahalik eta hobekien kudeatu beharko ditugu.

Beste lagun batek URAren premisei buruz (Soraluzen espero diren kalteak, aurreikusitako biktimak...) hitz egin zuen: nahiz eta premisa hauek iraganean ez bete, horrek ez du esan nahi etorkizunean beteko ez direnik; azken finean, estatistikak joerak markatzen ditu, ez kopuru zehatzak. Ados gaude azken puntuarekin, baina azken 100, 200... urteetan jazotakoak erakusten digu premisa horiek errealitatearengandik oso urrun daudela, eta erabakiak egiteko oso ahul direla.

Izan zen Gure Deba ibaia taldearen ibilbidearen errepasoa egin zuenik ere: gure diskurtsoa aldatu dugula esanez, "teknikariak" (Merlin proiektuaren arduradunari erreferentzia eginez) baino gehiago sentitzen garela... gure jarrera deskribatzeko adjektibo "koloretsuak" erabiliz.

Egia esan, bildutako informazioak gure lehen inpresioak berretsi egin ditu; Merlin proiektuko teknikariek, berriz, proiektua hasi eta bi urtera Deba ibaian zein Soraluzen lurreratu gabe jarraitzen dute, "hodeian";  eta adjektiboei dagokienez... ba hori, "koloretsuak".

Guk ez dugu teknikarien gaitasun teknikoa zalantzan jartzen. Baina bere lan arlotik haratago ez dute ezer ikusten, bakoitza bere aldetik ari da, beren “zatitxoak” lantzen dituzte. Eta Merlin proiektuan ez dago inor "puzzle" osoa osatzen duenik, Soraluzeren ikuspegi osoa duenik, herri interesak zaintzen dituenik.

Herriaren erdian 278 m luze, metro bat sakon eta 15-20 metro zabal den kanal bat zulatu nahi izateak, horrek kezkatzen gaitu. Fondo lauak eta alboetako eskoilerek, horiek kezkatzen gaituzte. Eta URAk dioenez, bioaniztasunarentzako eragin kaltegarriek, ibaiaren birnaturalizazioa galerazten dutenek, horiek ere kezkatzen gaituzte. Hau dena uholdeentzako oztoporik handienetan ez jarduteagatik, hala nola zubietan eta bereziki zubi nagusia.

 

Gure ibaiari buruzko gure iritzia eta ikuspuntua ezagutzeko, sakatu hemen.