113 ikaslerekin abiatu du ikasturtea Musika Eskolak, iaz baino gehiagorekin

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 13a, 12:22

Musika eta Mugimendua ikasgaiko ikasleak Nagore Sanz irakaslearekin, herenegun, eguena.

Asteon abiatu du 2025-2026 ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolak, 113 ikaslerekin eta 11 irakaslerekin, eta, bost bekak beteta dituela. Iaz baino ikasle gehiago ditu aurten. Berrikuntzak ere iragarri ditu eta oraindik badago izena emateko aukera. Erretiratuek zein helduek, adibidez, instrumentuan zein Musika eta Mugimendua ikasgaian dute aukera. Osterantzean, bederatzi instrumentutan ere badaude lekuak.

Ikastetxeen ikasturte hasiera orokorrarekin batera abiatu du berea Soraluzeko Musika Eskolak. 113 ikasle matrikulatu dira momentuz, 82 ikasle dabiltza instrumenturen bat ikasten, eta, beste 30 ikasle matrikulatu dira Musika eta Mugimendua eta Musika Kantuz ikasgaietan.

Horrez aparte, eskolak eskaintzen dituen bost bekak beteta daude. Haien bitartez, hiru ikaslek Musika eta Mugimendua ikasi ahal izango dute eta beste bik Musika Kantuz eta instrumentua.

9 instrumentutan lekuak

Kopuruz, iaz baino ikasle gehiagorekin hasi du 2025-2026 ikasturtea, baina, zuzendaritzako kide Nagore Sanzek esan duenez, oraindik badaude hainbat leku libre honako bederatzi instrumentutan: flauta, trikitixa, biolontxeloa, biolina, panderoa, txistua, gaita, tronboia eta tronpeta.

Halaber, jubilatu/helduentzat ere aukera zabalik dago, kasu horretan, instrumentuan zein Musika eta Mugimendua ikasgaian. Bi kasuetan, izena emateko musika eskolara bertara daiteke edo telefonoz deitu: 943 75 15 44 edo idatzi: soraluzemusika@gmail.com

Berrikuntza

Gainera, berrikuntzak ere izango ditu musika eskolak aurten, 9-10 urtetik aurrera praktika daitezkeenak: Fanfarre (asteartea 19:00-20:00) Banda gaztea (asteazkena 19:00-20:00) eta Big band/Konbo (osteguna 19:00-20:00). Talde handiak, berriz, urrian hasiko dira. Aukera dago halakoetan ere izena emateko. Baldintza bakarra da instrumentua eta musika ikasten bi ikasturte eginda izatea.

Santa Zezilia eta Blues Hotsak

Eskolak hasteaz batera, kalera begirako saioen prestakuntza lantzen ere hasi dira musika eskolan. Azaroan izango dituzte ikasturteko lehen hitzorduak. Batetik, Santa Zezilia musikarien eguneko ospakizuna, eta, bestetik, Blues Hotsak jaialdian eskainiko duten saioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.