Ikasturte berriarekin berritasunak datoz Soraluzeko Musika Eskolara

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 30a, 09:31

Musika eskolaren ez ohiko batzarra. Argazkia: Ander Gomez.

Ez ohiko batzar orokorra egin zuten Soraluzeko Musika Eskolan joan den astean, urgentziazko bi gai lantzeko. Batetik, jakinarazi zuten datozen lau ikasturtetan Nagore Sanz izango dela berriro ere eskolako zuzendari, Domentx Uzin aholkulari duela. Bestetik, Jaurlaritzaren dekretu berriak zein ekarriko dituen aldaketen berri eman zuten.

 

Aldaketaz beteta dator musika eskola 2025-2026 ikasturtean. Batetik, zuzendaria aldatu eta azken lau urteotan kargu hori bete duen Domentx Uzinen lekua beteko du Nagore Sanz aurreko zuzendariak. Hori bai, Uzinen aholkularitza izango du zeregin horretan.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriaren aginduz, ikasgaietan zein funtzionamenduan aldaketak ezarriko dituzte ikasturte berria hasteaz bat. Nagusiak honako hauek:

0-4 Musika Goiztiarra. Katamarran eta Haur Eskolarekin elkarlanean, ikasgai berri hori martxan jartzeko asmoa dago, eta jadanik hasi dira antolatzen. Udazkenean saio batzuk prestatuko dira, ikasgaia zein dinamikak ezagutzera emateko. Aurreikuspena da urtarriletik aurrera saio egonkorragoak egitea. Informazio gehiago behar izanez gero, Katamarranen edo Musika Eskolan galde daiteke.

Musika eta Mugimendua urtebetez atzeratzen da. Aurrerantzean, 5 urtetik 7 urtera izango da. Astean behin izango da eta ikasle kopuruaren arabera egingo dira taldeak. Eskolak eguenetan izango dira, 17:30etik 18:30era.

2. zikloak 6 urte izango ditu. 8 urterekin hasi eta 15 urterekin bukatuko da ibilbide arautua. Instrumentuarekin hasiko dira; horrez aparte, eta Musika Kantuz 2 urtez bakarrik izango da (8-9, 9-10. nahiz eta ikasketa ez-arautuan jarraitzeko aukera egongo den).

Musika Kantuz bukatutakoan, gainerako lau urteetan, Instrumentuan eta Taldeetan bakarrik jarraituko dute (11-12, 12-13, 13-14, 14-15).  Musika Kantuz ere astean behin izango da martitzenetan, 16:45etik 18:00ak arte. Egokitzapen urtea denez, 7-8 urtekoak egongo dira bertan. 

Hiru talde handi

3 talde handi sortuko dira, fanfarrea martitzenetan 19:00-20:00; hor musika herrikoiagoa, folklorea, folka, dantza musika... landuko dute; Banda gaztea egueztenetan, 19:00-20:00, bandako zein txarangako errepertorioa landuko dute eta Big Band konboa, eguenetan, 19:00-20:00, bateria, baxua eta gitarra, pianoa, eta haizeko instrumentu batzuekin osatu eta errepertorio modernoagoa landuko d ute.

Talde horien eraketa eta bultzatzea indartu nahi du Musika Eskolak herrian daukan ekitaldi garrantzitsuenetako jarduna -Eibarko Bandarekin kontzertua, Gabonetako Tuttia, Euskal Aratostiak, Blues Hotsak, eta herriko txaranga elikatzeko.

Orain arteko taldeei dagokienez, haiek mantendu egingo dira, baina aipatutako 3 handietara mugatuko da aurrerantzean 2. Zikloko Taldeen jarduna. Ostean, 3. zikloan, DBH 2tik aurrera, egin ahal izango dira lagunarteko taldeak. Beti ere irakasleek ahal badute, eta gutxieneko kopuruarekin. 

Bestalde, 2. Zikloko diploma mantenduko da, baina azterketa kenduko da, eta beste betekizun batzuk egongo dira. Hala-nola, taldeetan parte hartzea, hainbat kontzertuetan parte hartzea eta diplomadunen kontzertuan parte hartzea.

3. zikloa. Musika hizkuntzak edo Lengoaiak hemen izango du bere ikasgai garrantzitsuena. Teoria, irakurketa eta idazketa sendotzeko ezinbesteko ikasgaia. 6 urte pasako esperientzia hartu eta gero, uste dute askoz errazago ulertuko eta barneratuko dutela. Eta Harmonia ere ikasgai garrantzitsua izango da. Hala ere Partitura edizioa ordenagailuz, edo musika dagozkion ezagutza batzuk ere produkzioari (grabaketak eta musika digitalaren sorkuntza), ikastaro bidez emateko aukera ikusten da.  Ziklo horren bukaeran ere beste diploma bat egongo da.

Eskaintza ez arautua

Azkenik, ikaskuntza arautu horretatik kanpo ere izango da ikasketa eskaintza, adinagatik beranduago apuntatzen direnei edo instrumenturik ikasi nahi ez dutenei, edo bestelakoei zuzenduta.

Askatasun handiagoa emanez, aurreko urteetako curriculumari gehituko zaio etengabeko formazioa, 16 urtetik gora apuntatzen diren guztientzat, +55 taldeak, eta helduentzat eskaintza handitzea ere badaude musika eskolaren asmoen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.