Oleako eta Zuloagako presak iragazkortzeko proiektuak jarraitutako prozesu burokratikoaren baitan, martxoan, proiektuari alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuten. Alegazioak aurkeztu zituzten Gure Deba Ibaia (GDI) taldeak zein Soraluzeko Udalak.
GDIren kasuan, oro har, taldeak alegazio bitartez esaten zuen proiektuak ez duela “legea betetzen eta Soraluzeko Plan Orokorra (HAPO) urratzen” duela “behin eta berriz”. Gaineratu zuen, besteak beste, “Olaldean ufalek kalteak handiagotu” egiten dituela. Proiektuaren kontrako hamar arrazoi aurkeztu zituzten.
Soraluzeko Udalak, berriz, proiektuari babesa erakutsi zion, adieraziz bat datorrela Udalak berak 2023an egindako partaidetza prozesuaren emaitzarekin. Baina horrekin batera, hainbat puntu argitzeko eskatu zuen eta horixe egin du Foru Aldundiak GAOn argitaratutako txostenean.
GDIri erantzunak
GDI taldeak aurkeztutako kontrako arrazoiei dagokienez, Foru Aldundiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera, haiek banan-banan aztertu eta zuzenketa batzuk onartu egin ditu baina proiektuaren kontrako arrazoi nagusiak baztertu egin ditu. Segidan erantzunen laburpena:
- 1. Alegazioa: Soraluzeko HAPOa (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) ez betetzea: Oleako presaren babesa. Diputazioaren esanetan, HAPOak aurrez ikusten du “udal mailan katalogatutako elementuak eraitsi ahal izatea, obraren ezaugarriak egokituz, udalerrian uholde-arriskua murrizteko, luzetarako iragazkortasuna sustatzeko, gizakiak aldatutako ertzak berreskuratzeko eta ibai-sare osoaren ertzak ingurumenaren aldetik hobetzeko eta leheneratzeko. Proiektuarekin bateragarria da hori, are gehiago, harresien zati bati eusten diolako, Soraluzeko presen memoria historikoaren isla diren aldetik, baina nabarmen hobeturik ingurumenaren, hidraulikaren eta ekosistemaren alderdiak”.
- 2. Alegazioa: Oleako presaren ur-lamina babestea. Erantzunaren arabera, “Plan Orokorrak finkatutako presak jaisteko aurreikuspenak berekin dakar ur-lamina aldatzea, eta beraz, Planak dioenean hirigunean ur-lamina mantendu behar dela, ulertzen da ez duela esan nahi baldintza berberetan mantendu behar denik”.
- 3. eta 4. Alegazioak: Ingurumen jasangarritasuna eta ingurumenaren babesa, ur-zozoa eta martin arrantzalea baitaude. Diputazioak dioenez, hegazti bien kasuan, “Soraluzen bi presa kentzeak ez du izango inpaktu esanguratsu edo epe luzekorik aipatutako espezieen populazioetan. Aitzitik, Deba ibaiaren erregimen naturala lehengoratzea, zeharka, mesedegarria izango da espezie horientzat”. Ingurumen jasangarritasunari dagokionez, berriz, HAPOari egiten dio erreferentzia, esanez, han jasota dagoela ibai sare osoaren ertzetan ingurumena lehengoratzea edota hobetzea, eta besteak beste, ibaiertzeko espezieak sartzea. Era berean, erreferentzia egiten die, besteak beste, Olaldea eremua berritzeko egitasmoari zein Oleako zubitik Zubi Nagusiraino aurreikusita dagoen pasealeku berriari.
- 5. Alegazioa: Uholdeak areagotzea, ur-maila handitzen delako. Diputazioak azaltzen duenez, egin dute azterlan hidrauliko bat eta emaitzen arabera, kasu guztietan, ur kotak behera egiten du, ibaian gora zein behera. “Hobekuntza horiek 0,70 m. eta 1,70 m. artekoak dira. Beraz, “proiektuan proposatutako ekintzek ez dute okertzen erdigunearen uholde-arriskua”.
- 6. Alegazioa: Uholde arriskua handitzea sedimentuen ondorioz. Ezetsi egin da alegazioa eta besteak beste, Diputazioak jakinarazi du 2022an lau presa eraitsi zirela, bat Deba ibaian, Oleakoaren altura bikoitza zuena eta bertako sedimentuek ez zutela “kalterik eragin eraitsitako presatik ibaian behera zeuden presa eta zubietan”.
- 7. Alegazioa: Eragin ekonomiko eta sozial negatiboak. Ezetsi egin da, proiektuak Olaldeako Plan Berezia garatzeko aukera ematen duela azpimarratuz: “Olea presa partez eraistean, uraren kota txikituko da (…). Zuzeneko eragina izango du eremuaren hirigintza-garapenean; izan ere, gaur egun ezin da baimendu inolako hiri-garapenik uholde arriskua daukaten eremuetan”.
- 8 eta 9. Alegazioak: Oztopoen iragazkortasunaren gaineko eraginik eza eta kalkulu hidraulikoa premisa okerretan oinarrituz egitea. Alegazioa ezetsi eta labur esanda, dio “indarrean dagoen araudiarekin bat” datorrela proiektua eta, horregatik, “baliozkotzat” jotzen dela “azterketa hidraulikoa”.
- 10. eta 11. Alegazioak: lege eskakizunak ez betetzea, erantzukizunak eta proiektua bertan behera lagatzeko eskaera: oro har, Diputazioaren esanetan, ”proiektuak Soraluzeko Udalaren oniritzia du: hark bultzatu zuen modu aktiboan partaidetza prozesua, eta hark erabaki zuen lehen fase batean Oleako eta Zuloagako eraispenak egitea eta bigarren fase baterako uztea Olabarrena eta Igarateko esku-hartzeak (…) Horregatik baliozkotzat jo da proiektua, eta ezesten da alegazioa”.
Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du Zuloaga presa osorik eta Olea partzialki eraisteko proiektua, “herri onurakotzat emanez”. Gogora ekarri duenez, erabaki hori “behin betikoa da eta amaiera ematen dio administrazio bideari”, beraz, hemendik aurrerako kontrakotasunak auzi-errekurtso modura aurkeztu beharko lirateke.